turkiar

1. adj. eta iz. Asia Txikitik Asiako erdialderainoko lurraldean hedaturik dauden eta familia bereko hizkuntzez mintzatzen diren zenbait herritako kidea. 2. adj. eta iz. Turkiako herritarra; Turkiari dagokiona. 3. adj. Hizkuntza altaikoen adarretako bat, Asiako erdialdean, Kaukason eta Turkia eta inguruetan mintzatzen diren hainbat hizkuntzak osatua.
Turkiar herriak terminoa hizkuntzak edota historiak nola-hala lotuta dauden hainbat herriren multzoa izendatzeko erabiltzen da. VI. m.an Mongoliatik eta Txinako I-tik Itsaso Beltzeraino iristen zen inperio bat eratu zuten tujue nomadak dira turkiarren arbasoak. Turkiar herriek ez dute, multzo gisa, inoiz estatu bakar bat eratu, ez dute erlijio-batasunik izan, nahiz eta gaur egun gehienak musulmanak diren (txuvash-ak eta jakut-ak izan ezik), eta antropologikoki ere ez dute batasunik: gehienak azal ilunekoak badira ere, Turkiako turkiar askok eta tatariar askok europar-itxura dute.
Hiru talde nagusitan bereiz daitezke herri turkiarrak: Turkiakoak (talderik handiena, 40 milioi inguru), Asiako erdialdekoak (30 milioi inguru) eta Txinako M-koak (Xinjiang-Uygur eskualde autonomoan bizi diren uigur-ak, 8 milioi inguru). Turkiakoen ondoren, uzbek-ak dira talderik handiena; nagusiki Uzbekistanen eta Afganistanen bizi dira. Ondoren, kazakh-ak datoz; batez ere Kazakhstanen bizi dira, baita Txinako M-an ere. Kirgiz-ak Kirgizistanen bizi dira gehienak, baina Afganistanen eta Txinako M-an ere badira. Turmeniarrak Turkmenistanen, Afganistanen eta Iranen bizi dira nagusiki. Karakalpak-ak Uzbekistanen bizi dira. Tatariarrak bi taldetan banatuta daude: batzuk Tatarstanen bizi dira, Errusian, eta besteak, jatorriz Krimeako tatariarrak, Bigarren Mundu-Gerran deportatuak izan ondoren, gaur egun nagusiki Uzbekistanen bizi dira. Bashkirrak Volga eta Uralen artean bizi dira. Kaukasoko I-an ere herri turkiarrak daude: karatxai-ak eta balkar-ak, gaur egun Errusiako Karatxai-Txerkesia eta Kabardino-Balkaria errepublika federaletan bizi direnak. Azkenik, Siberian bizi diren jakut-ak eta Volgaren eskualdean bizi diren txuvash-ak ere turkiar herriak dira, hizkuntzari dagokionean bederen.
HIZKL. Hainbat azpitalde bereiz daitezke turkiar hizkuntzetan. Nagusiak honakoak dira: 1) Hegoekialdekoa (uigur azpitaldea), uzbekerak, uigurrerak eta beste batzuek osatua. 2) Hegomendebaldekoa (uguz azpitaldea), turkierak, turmenierak, azerbaijanerak eta beste batzuek osatua. 3) Iparmendebaldekoa, baskhir-en, karakalpak-en, kazakh-en, kirgiz-en, tatariarren hizkuntzek eta beste hainbatek osatua. 4) Iparrekialdekoa, khakass etniaren hizkuntzek eta tuva herrien hizkuntzak osatua; jakut-en hizkuntza ere azpitalde honetan sailkatu ohi da. 5) Txuvashera, aurreko guztietatik oso desberdina.
Turkiar hizkuntzak eranskariak dira -euskara bezala-, hau da, erroaren atzean atzizkiak pilatzen dituzte gramatika-erlazioak adierazteko (adibidez, turkieraz ev "etxea" da, -ler atzizki pluralgilea da eta -im singularreko lehen pertsonako genitiboa adierazten duen atzizkia; beraz, "etxeak" evler izango da, "nire etxea" evim eta "nire etxeak" evlerim. Beste ezaugarri nagusia bokal-harmonia da: hizki eta atzizkien forma aldatu egiten da beraien aurretik dagoen silabak duen bokalaren arabera (adibidez, at "zaldia" da; hitz honi dagokion atzizki pluralgilea ez da -ler, lehenagoko adibidean bezala, -lar baizik, bokal-harmoniak behartuta; beraz, "zaldiak" atlar izango da).




Atzera