tatariar

adj. eta iz. 1. Turkiar eta mongol-jatorriko zenbait herritako kidea; herri horiei dagokiena. 2. Errusiako Federazioko Tatarstan errepublikako herritarra; horri dagokiona.
Gaur egun, tatariarrak Volga eta Kama ibaien arroan bizi dira (Tatarian), Ural mendietatik E-ra, bai eta Krimean eta Siberiako H-an ere. Tatariar hitza XIII-XVI. m.etan bere lurraldeetan sartu ziren herri turkiar eta mongolak izendatzeko erabili zuten errusiarrek. Gengis Khanen bilobak gidatutako tribuei deitu zieten horrela hasieran, eta turkiar hizkuntzaren bat zuten Urrezko Hordako tribu musulmanak izendatzeko erabili zuten hitza ondoren. 1917ko iraultzaren ondoren, Kazan inguruan -Volgaren eskualdean- eta Krimean bizi ziren turkiar hizkuntzako talde etnikoak izendatzeko erabili zuten sobietarrek tatariar hitza.
Kazango tatariarrak, Volgako tatariarrak ere deituak, Volga eta Kama ibaien inguruetan antzina bizi ziren bulgariarren ondorengoak dira, historian zehar beste tribu turkiarrekin eta mongolekin nahasiak. Urrezko Horda banatu zenean, Kazango khanerria sortu zuten (ik. Tatarstan). Krimeako tatariarrak Krimeako penintsulan ezarri zen turkiar jatorriko herriaren ondorengoak dira; XV. m.an Krimeako khanerria eratu zuten, baina 1783an errusiarrek menperatu zuten lurraldea, errusiar kolonoak eraman eta errusiartu egin zuten; ondorioz, XIX. m.an Krimeako tatariarrak Krimeako populazioaren laurdena baino ez ziren. Bigarren Mundu-Gerraren amaieran, sobietarrek traidoretzat jo zituzten tatariarrak; Kazakhstanera eta Siberiara deportatu zituzten eta 1988 arte ezin izan zuten itzuli. Gaur egun, Krimeaz gainera, Asiako erdialdeko estatuetan barreiaturik bizi dira eta 400.000 inguru direla uste da.




Atzera