mongol
iz. eta izond. Gaur egun Amur eta Volga ibaien arteko lurralde zabalean hedaturik bizi den herri bateko kidea; herri horri dagokiona.
Gengis Khanek mongolen inperioa sortu aurretiko mongoliar hizkuntz taldeko herriei protomongol deitu ohi zaie. Antzin Aroan mongol herriak hainbat tributan banatuta zeuden. Haien historia jakiteko datu gutxi dago, ordea. Huno heftaliek inperio bat sortu zuten eta Txinako inperioaren aurka borrokatu ziren, baina haien inperioa K.a. I. m.an desegin egin zen. Juan-juan-ek (herri hau eta abaroak bera direla uste da), uigur-ek, orkhon mongolek eta beste batzuek ere erresumak eratu zituzten. Khitan-ek Mantxurian eta Txinako iparraldean gobernatu zuten X. m.an eta Txinako Liao dinastia sortu zuten. XII. m.an, Txinako iparralderago bizi ziren tungus taldeko jujen-ek khitan-ak egotzi eta tatariarren laguntzaz gobernatu zuten. Ekialdeko mongolek, Kerulen eta Onon ibaien arroetan bizi zirenek, federazio bat osatu zuten, Mongol Guztiak izenekoa. Tatariarrak ere mongolak ziren eta Mongol Guztiak elkarteko tribuen lurraldetik E-ra eta H-ra bizi ziren, baina hauen etsai ziren. XIII. m.an Txinak Mongol Guztien eta tatariarren lurraldearen artean zegoen jujen-en lurraldea konkistatu zuen.
Bitartean, khitan-ek mendebalderantz ihes egin zuten eta Aral aintziratik ekialdera dauden lautadetan ezarri ziren (gaur egungo Kazakhstanen). Bertan Kara-khitai inperio indartsua eratu zuten XII. m.an, gutxi iraun bazuen ere.
XII. m.an Mongol Guztien buruzagi Kabul mongolen inperioa sortzen saiatu zen, baina tatariarrek ez zioten utzi. Kabulen birbiloba Gengis Khan izan zen. Berau buru zutelarik (1206), mongolek konkistatzeari ekin zioten eta lurralde ugari eskuratu zuten: Txinako lautada (1211-16; 1215ean Pekin hartu zuten), Transoxiana (1219-21), Khorasan eta Afganistan (1221-22). Inperioa bere lau semeen artean banatu zuen. Ogodai nagusitu zitzaien beste anaiei. Mendebaldean Gengis Khanen biloba Batu Khan-ek Urrezko Horda izeneko inperioa sortu zuen: Errusia eta Hungaria mongolen menpe gelditu ziren (1236-42); Hulagurekin, Iran, Irak eta Siria (1256-60); eta Kublai Khanek Txinako hegoaldea konkistatu zuen (1236-79). Horrela osatutako inperioa khanerritan banatu eta Khan handiaren agintepean bildu zen. Mongolak gutxi ziren eta beren inperioa handia. Horregatik konkistatutako lurraldeetako herriekin bat egin eta bertakoen zibilizazioa bereganatu egin zuten. XIII. m.aren azkenaldian inperioa estatu-federazio bilakatu zen.
XIV. m.aren erdialdetik aurrera inperioa gainbehera hasi zen. XV. eta XVI. m.etan konfederazioa galdu egin zen. XVI. m.an Baberren agindupean mongolen adar bat Indian nagusitu zen (Ik. mogolak). Mende berean mendebaldeko mongolek, oirat-ak, Mongolia bereganatu zuten. Mantxuek ekialdeko mongolak menperatu zituzten (1627-91) eta Qing dinastia sortu zuten Txinan. XVIII. mendean khalkhek, mantxuekin batera, oirat-ak sarraskitu zituzten (1759) eta Mongolia osoa Txinaren menpe gelditu zen. XIX. m.an Txinak Barne-Mongolian kolonizazioa areagotu zuen. Txinako iraultza iritsi zenean (1911), Barne-Mongoliak eta Kanpo-Mongoliak Txina barruko eskualde autonomoaren estatusa lortu zuten. 1924an Kanpo-Mongoliak independentzia aldarrikatu zuen, Mongoliako Herri-Errepublika izena hartuz.
Atzera