Siria
(Al-Jumurijah al-Arabijah as-Surijah). Asiako M-ko estatua, Mediterraneoaren ertzean. Mugak: I-an Turkia; M-an Mediterraneoa, Libano eta Israel; H-an Jordania eta Irak; E-an Irak. Hiru eskualde geografiko nagusi daude: E-an, Turkiatik Libanora arteko Mediterraneoko kostaldeko lautada luzea eta estua, klima mediterranearrekoa, eskualderik populatuena. Kostaldetik E-ra bi mendikatea daude: Ansarija eta Antilibano (Hermon mendia, 2.814 m). Mendietatik E-ra Siriako basamortuak hartzen du gainerakoa. Eufrates ibaiak IM-tik E-ra zeharkatzen du estatua. Klima mediterranearra da kostaldean eta oso aridoa basamortuan. Ureztapeneko laborantza Gab eskualdean (Orontes ibaiaren sakongunean), mendi-oinetan eta kostaldean eta Eufratesen haranean (garia, kotoia, tabakoa, mahatsa, olibak). E-ko lurraldeetan ardi-aziendak daude eta bertan daude petrolio-ustiategiak ere. Petrolioari zor zaio Siriako barne-produktu gordinaren % 70. Ekialde Hurbileko egoera soziopolitikoa dela medio, Siriaren aurrekontuaren zati handi bat gastu militarrek zurgatzen dute.
Historia. Siria historikoak egungo Siria, Libano, Jordania eta Israelgo lurraldeak hartzen zituen. Historiaurretik kultur eta erlijio-topagunea izan da. K.a. 2334-2279: Akad-eko zibilizazioa iritsi zen. K.a. 2000-1800: amorritek suntsitu zuten zibilizazio hura. K.a. II. milurtekoa: kanaandarrak, hurritak, arameoak eta itsasoko herriak kokatu ziren bertan. K.a. XIII. m. arte Egipto eta hititen artean banatu zuten lurraldea (mugarik egonkorrena, Orontes ibaiaren ingurukoa), nahiz eta erresuma independente txiki batzuk egon tartean. K.a. XII. m.: lau herriren artean banatu zen Siria, neohitita, kanaandarren ondorengo ziren feniziar, arameo eta israeldarren artean. K.a. IX. m.: asiriarrak agertu ziren lehen aldiz, eta hurrengo mendean osorik konkistatu zuten, nahiz eta kostaldeko hiriak Egiptoren basailu izan artean. K.a. VI. m.: babiloniarrek asiriarrak ordezkatu zituzten. Bi herri horiek Siriako hirien hondamena ekarri zuten eta aramera Siria osoan barreiatu zen. K.a. 539-332: Persiako akemenestarren menpe egon zen. Ondoren, Alexandro Handiak konkistatu zuen eta aldi helenistikoari eman zion hasiera. K.a. 64: erromatarrek konkistatu eta Siriako prob. erromatarra antolatu zuten, Palestina barne. 395: Ekialdeko inperioari esleitu zitzaion eta Bizantzioren menpe oparo garatu zen; Antiokia zen hbru. eta kristautasuna eta judaismoa sendo errotu ziren. 634: arabiar musulmanek hartu zuten. Omeiatarrekin Damasko eta Siria inperio musulmanaren gune nagusia izan ziren (661-750). VIII. m.: abbastarrek hiriburua Damaskotik Bagdadera eraman zuten. X. m.: bizantziarrek iparraldea birkonkistatu zuten eta Antiokia inguruan dukerri greko bat osatu. 1076-77: seljuktarrek Damasko eta Jerusalem konkistatu zituzten, baina Siriaren batasun politiko berriak 1092 arte baino ez zuen iraun. XI-XIII. m.: gurutzatuek Antiokiako printzerria (1098-1268), Jerusalemgo erresuma (1099-1291) eta Tripoliko konderria (1109-1289) antolatu zituzten bertan. 1260-91: Egiptoko mamelukoek mongolen erasoak geldiarazi eta Siria eta Palestinan gurutzatuek hartutako lurraldeak bereganatu zituzten; Siriak bi mendeko bakealdia izan zuen. 1516: otomandarrek Siria konkistatu zuten eta 1918 arte gobernatu zuten, nahiz askotan erresuma txiki nahikoa independenteak sortu. 1916: Frantziak eta Britainia Handiak Sykes-Picot akordioaren arabera banatu zuten Siria. 1920: Faisal I.a Siriako errege aukeratu zuten, baina frantses armadak egotzi egin zuen. 1920-43: Frantziak administratu zuen Siria Nazioen Elkartearen agindupean. 1941: Catroux jeneral frantsesak, Frantzia Libroaren izenean, Siriaren independentzia aldarrikatu zuen. Siriak egungo mugak zituen ordurako. 1948: Israelen kontrako lehen gerra arabiarrean parte hartu zuen. 1949-61: estatu-kolpeek hatxemien aldeko edo kontrako buru militarrak jarri zituzten agintean. 1958-61: Egiptorekin batera Arabiar Errepublika Batua osatu zuen. 1963: Baat alderdiak boterea hartu zuen. 1967: Israel Golan mendiez jabetu zen Sei Eguneko gerran. 1969: Hafez al-Asad jeneralak boterea hartu zuen. 1973: laugarren arabiar-israeldar gerran parte hartu zuen. 1976: Libanoko gerra zibilean esku hartu zuen. 1980: oposizio-talde sunniak erregimenaren aurkako atentatuak egin zituen. 1985: Libanoko barne-politikan zuen partehartzea areagotu egin zuen. 1991: Pertsiar golkoko gerran, nazioarteko armadan parte hartu zuen.
Atzera