basailu

1. iz. Erregimen feudalean, zerbitzu batzuen truke jaun baten babes eta menpean jartzen zen gizabanako askea. 2. iz. eta izond. Antzeko menpekotasun-mota duenaz esaten da. Estatu basailua.
Erdi Aroko egitura soziopolitiko hierarkiko-feudala ulertzeko oinarrizkoa da basailuaren lekua. Erregeak bere konfiantzako menpekoari, basailuari, lur-sailen bat -feudoa- eman ohi zion, zenbait zerbitzu eta bereziki laguntza militarraren truke; jaun feudalak, bere aldetik, lur-sailen bat ematen zion bere basailuari, antzeko baldintzapean; azken honek ere berdin joka zezakeen, eta horrela nekazariarengana iritsi arte. Horrela eraikita gelditzen zen maila desberdinetako jaun-basailuen arteko hierarkia. Erregearen basailuak ziren gorenekoak: "basailu handi" edo "koroaren basailu" izenekoak. Feudoaren kontzeptua egitura piramidal horren sorreran eta oinarrian egonda ere, garaien eta egoeren arabera, dirutan edo bestelako ondasunetan eman ziezaiokeen basailuak jaunari bere errenta. Leialtasun-zinak lotzen zuen basailua jaunarekin; zin hori zeremonia berezi batean egiten zen; eta bertan, jaunak babesa agintzen zion basailuari. Baina hau libre zen bere leialtasun-zina hautsi eta beste jaun bati lotzeko, lehengoarengandik zuen feudoari uko eginez.




Atzera