aramera
iz. Hizkuntza semitikoa, hebreera eta fenizieraren talde berekoa. K.a. lehen bost mendeetan, Ekialde Hurbileko hizkuntza frankoa izan zen, eta bere alfabetoa, garaiko idazketa-sistema nagusia.
Aramera K.a. XIII. mendean Tigris eta Eufrate ibaien ertzetan bizi zen herri nomada baten hizkuntza zen. VIII. mendetik aurrera, Sargon II.ak arameoen erresumak suntsitu ondoren, aramera asiriar inperioan sartuz joan zen, ekialde osora hedatu zen arte. Asiriarrek arameoak erbesteratzeak hizkuntzaren zabalkundea ekarri zuen. Gainera, arameraren idazkera kuneiformea baino sinpleagoa eta azkarragoa izaki, oso aise ordezkatu zuen ordu arteko idazkera, bai merkataritzan, baita administrazioan ere. Zirok Babilonia hartu zuenean (539) aramera inperioko hizkuntza ofizial bilakatu zen. Alexandro Handiak grekoa ezarri zuen hizkuntza ofizial bere inperio guztian arameraren kaltetan. Azkenik, K.o. VII. mendetik aurrera arabierak ordezkatu zuen. Gaur egun lurralde oso isolatuetan dirau bizirik.
Atzera