Palestina

Ekialde Hurbileko eskualdea, gaur egungo Israel eta Jordania estatuen artean banatua. Mugak: I-an Libano; H-an Itsaso Hila; E-an Siriako basamortua; M-an Mediterraneoa. Juduentzat Jainkoak agindutako lurra da, lurralde sakratu bakarra; kristauentzat, Jesus eta apostoluen bizilekua da, lurralde saindua beraz; musulmanentzat ere, Palestinako zenbait toki sakratuak dira.
Historia. K.a. XIII. m.an hebrearrak iritsi ziren. K.a. 64: Erromak bereganatu eta bere gobernua ezarri zuen. K.o. 132-35: erromatarrek juduen matxinada zapaldu eta judu asko deportatu zituzten. IV. m.: Konstantino kristautu ondoren, Palestina kristauen Lurralde Saindu bilakatu zen. 634-40: musulmanek bereganatu zuten. 1099: gurutzatuek Jerusalemgo erresuma latindarra sortu zuten. 1291: Egiptoko mamelukoek, gurutzatuak egotzita, lurralde osoa menperatu zuten. 1516: Siria eta Egiptorekin batera, Palestina Otomandar inperioaren menpe gelditu zen lau mendez. XIX. m.aren amaieran judu asko iritsi zen Palestinara Errusiako pogrom-etatik ihesi. 1916: arabiarrak, britainiarrek lagunduta, otomandarren aurka matxinatu ziren. 1917: Britainia Handiak sionistekin "Palestinan herri juduarentzat nazio bat ezartzea" hitzartu zuen (Balfour deklarazioa). 1918: britainiarrek Palestina okupatu zuten. 1922: Nazioen Elkarteak Palestinan juduentzako lurralde bat sortzea onartu zuen. 1933tik aurrera, nazismotik ihesi, judu asko iritsi zen Palestinara. 1928-39: Palestinako arabiar eta judu inmigranteen artean istilu eta borroka odoltsuak gertatu ziren. 1939: britainiarren "Liburu zuriak" muga jarri zion juduen inmigrazioari. 1947: NBEk Palestinan estatu judu bat eta estatu arabiar bat sortzea erabaki zuen, baina estatu arabiarrek ez zuten onartu. 1948: Israelgo estatua aldarrikatu eta hurrengo egunean, Israel eta arabiarren arteko gerra piztu zen; 720.000 arabiar Palestinatik irten ziren inguruko estatuetara. Gerra amaitu ondoren, arabiar estatua sortu behar zen lurraldea banatu egin zen: Egiptorentzat Gaza, Jordaniarentzat Zisjordania eta Israelentzat Negev basamortua eta Galileako zati bat. 1964: Palestinaren Askapenerako Erakundea (PAE) sortu zen. 1967: Sei Eguneko gerran, Israel-ek Zisjordania eta Gaza okupatu zituen. 1979: Egipto eta Israelen arteko bake-itunaren ondorioz, bi lurralde okupatu horiek nolabaiteko autonomia eskuratu zuten. 1987: Gaza eta Zisjordanian palestinarrek herri-altxamenduari ekin zioten israeldarren aurka (Intifada). 1988: PAEk Palestinako estatu independentea aldarrikatu zuen erbestean. 1989: Jasser Arafat PAEk aldarrikatutako Palestinako estatuko lehendakari izendatu zuten. 1991: Ekialde Ertaineko bake-konferentzia hasi zen israeldar, palestinar eta siriarren artean. 1993: EEBBen babesean, Israelek eta PAEk Gazarako autonomia osoa eta Jerikorako mugatua biltzen zuen akordioa onartu zuten. 1994: autonomi hitzarmena sinatu zuten Israelek eta PAEk eta, berehala, Israelgo armada irten egin zen bi lurraldeetatik; Arafat erbestetik Gazara iritsi zen. 1996: Palestinako lurralde autonomoetako lehen hauteskundeak egin ziren eta Jasser Arafat aukeratu zuten lehendakari.




Atzera