matxinada
iz. Agintaritzaren aurkako herri-altxamendu edo jazarraldia; bereziki XVII-XVIII. m.etan Europa osoan aldaketa ekonomiko, politiko eta sozial sakonen ondorioz sortutakoak.
Euskal Herrian garrantzitsuenak Gatzaren altxamendua (1631-34), 1718ko eta 1766ko matxinadak eta Zamakolada izan ziren.
¥ 1718ko Matxinada. Gaztela eta Euskal Herriaren arteko mugak itsas portuetara edo Frantziako mugara eramatea agintzen zuen kontraforu-dekretuaren aurkako matxinada. Foruen errespetua argudio gisa erabiliz, interes sozioekonomikoan oinarritutako altxamendua piztu zen. Nekazariak, zenbait produkturengatik aduana-zerga ordaintzearen kontrako izaki, Bilbora joan eta dekretua ezeztatuko zukeen dekretu berria sinarazten saiatu ziren alferrik. Bizkaia eta Gipuzkoako zenbait jauntxok jabegoak utzi eta ihes egin behar izan zuten. Errege-tropak Bizkaian sartu eta egoera kontrolatu bitartean, arpilaketa ugari gertatu zen. Altxamendu ondoko zapalketa gogorra izan zen, baina nekazariek lortu zuten zenbait produktu zergatik libre uztea.
¥ 1766ko Matxinada. Zerealen prezio altuak eta merkatariek biltegian zuten zereala saldu nahi ezak sortutako eskasiaren ondorioz piztutako matxinada izan zen. Gipuzkoako zenbait lekutan herritarrek zereala errekisatu eta jauntxoak zereala merketzera behartu zituzten. Beste herri batzuetan, jauntxoek aurrea hartu eta herritarrek ekintzarik egin aurretik dekretuz jaitsi zituzten prezioak. Altxamenduari amaiera emango zion armada sortu zen Donostian -Irun, Errenteria eta Donostiako merkatarien laguntzarekin- eta matxinatuek indar handia zeukaten Azpetia eta Azkoitira abiatu eta zapaldu egin zituzten. Zapalketan eskuhartze zuzena izan zuen, besteak beste, Peñafloridako kondeak. Zenbait historialariren arabera, XIX. m.ko karlistadak ere matxinadak izan ziren, lehia dinastikoan nahasian baina.
Atzera