judu

iz. eta izond. 1. Antzinako Palestinako, eta gaur egun munduan zehar barreiatua dagoen komunitate etniko, kultural eta historiko bateko kidea; komunitate horri dagokiona. 2. Judaismoa praktikatzen duena. 3. Ik. hebrear.
Babiloniako erbestaldiaren ondoren Palestinan berreraikitako herri juduaren historia bi aro nagusitan banatzen da: lehenengoa, K.a. 538 - K.o. 70, Jerusalemgo tenpluaren eta bertako kultuaren inguruan antolaturik zegoenekoa; bigarrena, 70. urtetik gaur artekoa, tenplua eta Jerusalem birrindu eta herritarrak Palestinatik kanpora sakabanaturik, diasporan, bizi izan direnekoa.
Erbestaldiaren ondoren Esdras eta Nehemiasek berrantolatu zuten komunitatea, tenplua berreraikiz eta lege eta kultu judu tradizionala berrezarriz. Alexandro Handiak bere inperioaren barruan hartu zuen Palestinako lurraldea, eta hori hil ondoren (K.a. 323), ptolomeotarren eta seleukotarren menpean gertatu zen. K.a. 161-135 bitartean helenizazio-prozesuaren aurka makabeotarrek gidaturiko matxinada eta agintaldiaren ondoren, apaiz-printze asmondarren dinastiaren erregimena luzatu zen, erromatarrak Palestinaz nagusitu eta 37an Herodes Handiarekin beren agintea ezarri zuten arte. Inperioaren barruan Palestina autonomia galduz joan zen, 70ean Tito jeneralak, juduen matxinadei erantzunez, Jerusalem birrindu eta Palestinako komunitate judua sakabanatu zuen arte.
Diasporaren aroa lau aldi handitan bereizi ohi da, komunitate sakabanatuaren kokagune nagusiaren arabera. Ekialdeko aldia (70 - ~1050). Hasiera batean Palestinan eta gero Babilonia-Mesopotamian egon ziren juduen gidaritza-guneak. Iberiar aldia (~950-1492). Iberiar penintsulako erresumetako (musulman zein kristauetako) juduek izan zuten komunitatearen gidaritza. Gainera, juduek arabieratik hebreerara eta latinera eginiko itzulpenen bidez kultura grekoa, zientifikoa batez ere, berreskuratu eta zabaldu egin zen Europan zehar. Garai hartakoa da judu askenaztar (Alemaniakoen) eta sefardien (Iberiar penintsulakoen) arteko bereizketa, jatorria tradizio kulturalean izan zuena. Europar aldia (1492-1948). Juduak Gaztela eta Aragoitik (1492), Portugaldik (1496) eta Nafarroatik (1498) egotzi zituztenean hasi zen. Herbehereak eta Italia bihurtu ziren judutarren gune nagusi eta judu askenaztarrek sefardiei hartu zieten nagusigoa. Iraultza Frantsesaz geroztik juduek hainbat estatutan integratzea lortu bazuten ere, XIX. mendearen bukaerako intolerantziak antisemitismoa indartu eta azkenik Alemaniako naziak eginiko holokaustoa ekarri zuen. Israeldar aldia (1948.az geroztik). Israelgo estatua sortzean hasi zen, nahiz eta judu gehienak Israeldik kanpo bizi diren. Ik. Israel.
Euskal Herriari dagokionez, juduak X. mendean etorri ziren eta batez ere Nafarroan eta Araban kokatu. Erregeen babesa izan zuten, gainerakoek baino zerga handiagoak ordaintzen zituztelako, besteak beste. Herriak, ordea, ez zituen erabat asimilatu eta judu-auzo edo judutegietan bizi ziren. XIV. mendearen hasieran, juduek bortizkeriazko jazarpenak pairatu zituzten Nafarroan (1328). Alabaina, laster baretu zen giroa eta juduek gortean kargu garrantzitsuak izatera iritsi ziren. Nafarroako juduak diru-mailegatzaileak, nekazaritzako ugazabak, zerga-biltzaileak, artisauak eta medikuak ziren batez ere. 1498an, Iberiar penintsula astintzen zuen antisemitismoaren harian, Katalina I.a erreginak juduak egotzi egin zituen Nafarroatik.
Mende luzetako diasporaren ondoren eta sekularizazio modernoa tarteko, gaur egun judaismoko korronte ezberdinak ez datoz bat nor den judu eta nor ez erabakitzekoan, batez ere irizpide erlijiozkoa eta etnikoa nahasten direnez.




Atzera