arameo
iz. eta izond. K.a. XII. m.tik VIII. m.ra Siria eta Mesopotamian bizi izan zen herri semitiko bateko kidea; herri horri dagokiona.
Arameoak hasieran nomadak ziren. Gerlari bikainak ziren eta K.a. XII. mendean erresuma handiak gainbehera etortzean, arameoek beren erasoak ugaritu eta Siriako lurraldeetan hainbat estatu sortu zituzten. Asiria eta Babiloniako erresuma handiak ere indarrez hartzen saiatu ziren. Babiloniako hegoekialdean sartzea lortu zuten, kaldearrek bereziki, eta K.a. 769. urtetik aurrera Babiloniako errege bilakatu ziren. Aitzitik, Asiriak gogor eutsi zion arameoen erasoari eta, gainera, erasotzaileek Mesopotamia Garaian sortutako erresumak anexionatzea ere lortu zuen (K.a. ~808). Asiriarrek arameoak konkistatu eta erbestera bidaltzeak arameraren zabalkundea ekarri zuen eta arameraren alfabetoak ordurarte nagusi ziren alfabeto kuneiformeak ordezkatu zituen. Arameoen hizkuntza eta alfabetoa Mesopotamia eta Sirian zehar nagusitu ziren, aramera Ekialde Hurbileko hizkuntza nagusi bihurtuz, arabierak ordezkatu zuen arte (K.o. VII. m.).
aramera
Atzera