Mesopotamia
("ibai arteko lurraldea"). Asiako M-ko antz.ko lurralde historikoa, Tigris eta Eufrates artean, Kurdistandik Persiar Golkora hedatzen zena. Bi eskualde nagusi ziren: Goi-Mesopotamia, laua eta basamortuak hartua alde batean, eta Behe-Mesopotamia, Tigrisen eta Eufratesen behe arroek eraturiko alde emankorra. - K.a. VI-I. milurtekoen arteko zibilizazio-gune guztiz garrantzitsua izan zen Mesopotamia. K.a. IX-VII. milurtekoetan kultura neolitikoa hasi zen garatzen eta nekazaritza landu zuten lehen herriak agertu ziren bertan. VI. milurtekoan, hirixkak eta ureztatze-sistemak sortu zituzten eta zeramika landu zuten. V. milurtekoan zenbait kultura (Samarra, Halaf, Obeid) garatu ziren: hiri gotortuak eraiki, zeramika pintatu eta kobrea landu zuten. Lurraren aberastasunak herri asko erakarri zituen eskualdera: sumertarrak, akadtarrak, asiriarrak, etab. Herri hauek, hiri-estatuetan antolaturik, elkarren aurka borrokatu ziren eta Mesopotamiak ez zuen inoiz batasunik lortu. IV-III. milurtekoetan sartu zen historian Mesopotamia. Sumertarrek idazkera kuneiformea eta zigilu zilindrikoa erabili zuten. Hiri-estatu asko sortu ziren (Uruk, Kish, Ur, Mari). K.a. XXIII. m.tik aurrera Sumer erdibitu egin zen: I-an Akad inperioa, Sargon-ek sortua, eta H-an Sumer. III. milurtekoaren amaieran Ur hiriko III. dinastiak eskualde osoa menperatu zuen (2111-2003). Ondoren Babilonia nagusitu zen Hamurabiren erregealdian (1793-1750), baina 1595ean hititek suntsitu egin zuten inperioa. I. milurtekoan asiriarrak nagusitu ziren, K.a. VII. m.an Babilonia berriro eta K.a. 539an Persiak bereganatu zuen. - Mesopotamiako artea erregeen eta erlijioaren zerbitzura zegoenez, jauregiak eta tenpluak egin zituzten batez ere. Zigurat izeneko dorrea izan zen eraikin-mota nagusia. Harria eta zura urri zeuzkatenez, adreiluz eta adobaz, arkua eta ganga erabiliz altxatu zituzten eraikinak. Bestalde, aurrerapen zientifiko eta tekniko handiak egin zituzten eta zuzenbide-arloan Hamurabiren kodea izan zen ekarpen nagusia.
Atzera