alfabeto
iz. Hizkuntza batez idazteko erabiltzen diren eta hotsak adierazten dituzten zeinuen sistema; zeinu horien zerrenda, ordena konbentzional baten arabera; hedaduraz, lengoaia baten zeinu-sistema. Alfabeto fonetikoa. Morse alfabetoa.
Alfabetoak, zeinu-kopuru mugatu baten bidez, hizkuntza bateko hitzak grafikoki adieraztea ahalbidetzen du. Lehenbiziko ikur grafikoetan zeinuaren formak zerikusi estua izaten zuen adierazi behar zuenarekin, eta baliteke, hasiera batean, ezaugarri magikoz hornituta egotea. Idazkera ideografikotik idazkera alfabetikora pasatzea eboluzio luze baten ondorio da. Lehenengoan zeinu grafikoak morfema bat edo hitz bat irudikatzen du, bigarrenean fonema edota fonema-talde bat. Abstrakzio-lan baten ondorioz, ideogramak oinarrizko soinu-kopuru mugatu bihurtu dira. Idazkera batzuetan, txineran adibidez, oraindik ere ideogramak erabiltzen dituzte.
Alfabetoak badu ideogramekin alderatuz gero abantaila handi bat: ideien ordez soinuak errepresentatzen direnez, kontzeptuak adierazteko ikur-kopuru txikiagoa behar izatea.
Seguraski, feniziar idazkera zaharra da gure alfabetoaren jatorria. Geroago, aldakuntza ugarirekin, Grezia eta Erromara hedatu zen. Latindar alfabetoa, gaur nagusi dena, mundu osoan zehar zabaldu zen; europar hizkuntza guztiek erabiltzen dute aipatu alfabetoa, errusierak, bulgarierak eta serbierak izan ezik, hauek alfabeto zirilikoa baitute.
Atzera