dukerri
iz. Dukearen jaurgoaren mendeko lurraldea.
Erromatar inperioan dux titulua militarrena zen, lurralderen batean aginte militarra zuenari ematen ziotena; horregatik, esan daiteke dukerria orduko barruti militarretako bat zela. Frankoek eta godoek, berriz, barruti administratibo jakin batzuei eman zien dukerri izena, Erromatar inperioko probintzien parekoei. Erdi Aroko Europan hartu zuten garrantzi handia dukerriek, erregearen agintetik autonomia lortua zuten lurraldeek: horrelakoak izan ziren karolinjiar erresumatik independentizaturiko Frankonia, Suabia, Bavaria eta Saxoniako dukerriak, edo beranduagoko (XII. mendeko) Estiriako eta Austriako dukerriak -azken honetako jaunak geroago artxidukearen titulua hartu zuen-; horiek desagertuta, lurralde txikiko jaunek eraman zuten dukearen (Herzog) titulua Alemanian XIX. mendera arte. Frantzian Normandiako, Akitaniako, Burgundiako eta Bretainiako dukerriak eratu ziren, gero erresumak irentsi zituenak. Euskal Herriaren historian garrantzi berezia eduki zuen 602an eraikitako Baskoniako dukerriak, bi mende eta erdiz iraun zuenak; godoen eta frankoen aurkako borroketan, euskal lurraldeen nolabaiteko lehen batasuna eta independentzia eratu zuen, Akitaniarekin batera edo gabe; horren zatiketaren ondoren, Iruņeko erresuma (824) eta Gaskoniako dukerria (864) eraiki zituzten. Italian Milango, Florentziako, Luccako, Mantovako, Modenako eta Parmako dukerriak garai modernoetaraino iritsi ziren; Espainian, berriz, bisigodoen garaiko dukerriak -Kantabriakoa horien artean- musulmanen konkistaren ondorioz desagertu ziren. Dukeen aginte-barrutiak erresuma edo estatu modernoetan irentsita geratzean, ohorezko titulu soil geratu da dukearena.
Atzera