elastomero

iz. KIM. Kautxuaren gisa propietate elastikoak dituzten materialei eman ohi zaien izen generikoa; naturalak zein sintetikoak izan daitezke.
Elastomeroek jatorrizkoa baino askoz luzera handiagoa hartzen dute trakzio-indar baten eraginpean, haustera iritsi gabe; eta indarra desagertzen denean, hasierako luzerara azkar itzultzen dira. Propietate hauek tenperatura-eremu zabal samar batean betetzen dituzte.
Elastomeroen makromolekula-kateak nahastuak eta era desordenatuan daude indarrik aplikatzen ez zaien bitartean; aldiz, trakzio-indarren eraginez molekulak tiratu eta luzatu egiten dira. Indarra etetean, makromolekulak lehengo egitura nahasira itzultzen dira. Fenomeno hau gertatzen denean entropi aldaketa izaten da eta elastomeroa berotu egiten da.
Elastomero garrantzitsuenak kautxu naturala, polibutadienoa, poliisoprenoa, polisulfuroa, silikonak eta estireno-butadieno kopolimeroak dira.




Atzera