erregeorderri

iz. Zenbait erresumak bere koloniak administratiboki egituratzeko sortutako lurralde-instituzioa, erregeordearen eskumenekoa.
Espainiako inperioko lehen bi erregeorderri handiak Perukoa eta Mexiko edo Espainia Berrikoa ziren eta konkista aurreko bi inperio nagusiei erantzuten zien nolabait: inkenari eta aztekenari alegia. 1535ean izendatu zuen Espainiako erregeak Mexikoko lehen erregeordea; Perukoa, berriz, 1545ean. XVIII. mendean beste bi erregeorderri eraiki zituen Hego Amerikan: Granada Berria (1717) eta Río de la Plata (1776). Lauak desagertu ziren kolonien askapenarekin batera.
Espainiako familia nobleetakoak izendatu ohi zituzten erregeorde, eta zabalak izan ohi ziren horien eskuduntzak: Espainiako koroaren errentak handitzea, koloniako ofizialak (zibilak eta Elizakoak) izendatzea, legeak betearaztea, indiarrak babestea eta kristautasunera erakartzea eta, XVIII. mendera bitartean, enkomiendak ematea. Erregeordearen agintea, berriz, legezko mugek ez ezik, praktikan Madrildik zuzenean izendaturiko beste agintari batzuk, eta bereziki Audientziak, mugatzen zuten. Sarritan aginte-lehia biziak sortzen ziren horien artean.




Atzera