faringe
iz. ANAT. Aho-barrunbe eta sudurzuloen atzean dagoen muskulu edo mintzezko hodia, goitik garezur azpiak eta, behetik, laringe eta hestegorriak mugatzen dutena.
Faringea garezurraren azpian, lehenengo bost orno zerbikalen aurrean dago kokatua, paretetatik lepoko odol-baso handiak eta nerbio glosofaringeoak, pneumogastrikoak eta hipoglosoak iragaten direla.
Hodiaren aurreko aldean sudurzuloetako atzeko irekiguneak, Eustakioren troparenak eta ahutzak daude; beheko zatian mihiaren oinarria, epiglotisa, laringearen sarbidea eta honen atzeko aldea daude. Eskuarki hiru zatitan banatu ohi da: errinofaringea (sudur-barrunbeen atzeko zatia), orofaringea (ahoarekin komunikatzen dena) eta hipofaringea (aurrekoaren azpikoa, aurretik laringearekin eta atzetik hestegorriarekin komunikatzen dena).
Arnasa hartzen denean airea laringetik iragaten da eta fonazioan eta irensteko mekanismoetan ere parte hartzen du. Hemen gurutzatzen dira arnasbideak eta digestio-bideak.
Faringeko patologiarik arruntena faringitisa da, eta amigdalitisarekin batera agertzen denean angina esaten zaio.
Atzera