laringe
iz. ANAT. Ahots-organoa, trakearen hasieran kokatuta dagoena eta bere baitan ahots-kordak dituena.
Gizakiarengan, laringea lepoaren aurrealdean dago, hioidearen azpian, eta kanpoaldetik begiratuta zintzur-korapiloa eratzen du. Barrena hutsa duen organoa da, eztula egiterakoan, irensketan edo fonazioan mugitzen dena. Elkarri lotuta dauden eta artikulatzen diren kartilagoz osatuta dago: krikoidea, aritenoidea, Santorini kartilagoak, Wrisberg fibrokartilagoak eta epiglotisa. Bertan daude, baita ere, kartilago horiek mugiarazten dituzten muskulu-multzo txiki batzuk eta ahots-kordak.
Anfibio kaudatuen laringea berez brankialak diren kartilago-pare bat edo biz (aritenoideak eta krikoideak) osatuta dago. Anuruek ahots-kordak dituzte, kartilago aritenoideek eutsitakoak hain zuzen ere. Narrastien laringea apoenaren antzekoa da eta hioideari hurbiltzen zaio. Hegaztienak ez du ahots-kordarik eta hotsa sortarazten duen organoa, siringea, trakea eta bronkioen arteko lotunean edota bronkioetan bertan egon ohi da. Ugaztunetan tiroide-kartilagoek eta aritenoideek eusten diete ahots-kordei; laringearen barrunbean zaku bakoiti edo bikoitiak daude eta zaku hauek soinuak goratu ohi dituzte, tximino orrolarien kasuan esaterako.
Atzera