galiziera

iz. Galizian eta inguruko zenbait lurraldetan (Asturias, Leon eta Zamorako mendebaldeko ertzean) mintzatzen den hizkuntza erromanikoa.
XIV. mendearen bukaera arte portugesarekin batua zegoen (galaikoportugesa); ordutik aurrera galizierazko literatura atzera gelditzen hasi zen portugesaren aldean eta eguneroko hizkuntzak ere Gaztelaren bultzada ekonomiko eta politikoa jasan behar izan zituen. Garapen desberdina izan zuen, beraz, portugesarekiko, eta hala ikusten da bere ezaugarrietan (batez ere fonetiko eta morfologikoetan: galizieraz s eta z fonemen arteko desberdintasuna, ch sabaikari afrikatu gorra izatea, an, on amaierak mantentzea, etab.). Bi dialekto bereiz daitezke, ekialdekoa eta mendebaldekoa, baina bakoitzak bi aldaera dituenez lau dialekto ere bereizi izan dira: iparmendebaldekoa, hegomendebaldekoa, erdialdekoa eta ekialdekoa. Galiziera idatziak, oro har, hegomendebaldekoaren morfologia eta erdialdekoaren fonetika hartzen ditu, bi dialektoen arteko nolabaiteko konbinazioa eratuz. Portugesetik banandu zenetik mendeetan atzerakada nabarmena bizi bazuen ere, XIX. eta XX. m.etan Galiziako hainbat jakintsu eta idazleren ekimenari esker (R. de Castro, E. Pondal, A. Rodrigez Castelao, etab.), galizieraren berreskuratzearen aldeko ekintzak burutu ziren: Galizieraren Erret Akademia sortu (1905), unibertsitate-munduan sartu; 1980.az geroztik, galiziarren % 70ak hitz egiten duen galiziera, Galiziako Autonomi Elkarteko hizkuntza ofiziala da gaztelaniarekin batera.




Atzera