jansenismo

iz. ERL. 1. Cornelius Jansenen doktrina, XVII-XVIII. m.etan katolikoen artean eragin handia izan zuena. 2. Doktrina horren aldekoek eragin zuten erlijiozko mugimendua.
C. Jansenek idatzitako Augustinus obra teologikoa izan zen jansenismoaren irakatsien oinarrizko obra. Jainkoak aldez aurretik hautetsiak bakarrik salba daitezkeela baieztatuz, eta gizon-emakumeen askatasun morala zalantzan jartzearekin batera, errigorismo etikoa (exigentzia zorrotzeko doktrina) predikatu zuen jansenismoak. 1642an aita santuak obra gaitzetsi arren, eragin handia izan zuen ondorengo eztabaidetan.
Jean Duvergier de Hauranne apaiz lapurtarra izan zen mugimenduaren fundatzaileetakoa eta zabaltzailerik nagusietakoa, bereziki Antoine Arnaud jarraitzailearen eta Port-Royal-eko monasterioaren bitartez. Frantzian eta Herbehereetan zabaldu zen jansenismoa bereziki, eta Lapurdiko apaizen eta kristauen artean aparteko eragina izan zuen. Gatazka areagotuz joan zen batik bat jansenisten eta jesuiten artean, Frantzian arazo politiko-erlijiozko handi bihurtzeraino, aita santuek behin eta berriro gaitzetsi arren. 1709an Luis XIV.a Frantziako erregeak Port-Royal-eko serorak sakabanatzea erabaki zuen. Hala ere, mendearen erdira arte iraun zuen eztabaidak; 1723an eliza autonomoa sortu zuten jansenistek Utrecht-en, oraindik bizirik dirauena.




Atzera