kanaandar

1. adj. eta iz. Kanaanen bizi zen herri bateko kidea; herri horri dagokiona. 2. adj. Iparmendebaldeko hizkuntza semitikoen azpitaldea, bere baitan feniziera, moabera, ugaritera eta hebreera (bizirik dirauen bakarra) hartzen dituena.
Kanaandarrak jatorriz semitak ziren, Kanaan pertsonaia biblikoaren ondorengoak, eta K.a. III. milurterako Siria-Palestina zuten bizileku. Genesian hamaika tribu kanaandar aipatzen dira. Hebrearrek konkista zitzaten baino lehen kanaandarrak trebeak ziren gerran eta bakean, etsai beldurgarriak. Bazituzten burdinazko zalgurdiak, hiri gotortuak, harresi handiak eta sarrailaz hornituriko ateak. Katiluak margotu eta dekoratzen zituzten, eta leizeetan ehorzten zituzten hildakoak. Zezen-buruez irudikatzen zituzten beren jainko-jainkosak: Baal, Molok, Astarte. Hebrearrek, eta gero arameoek, kanaandarren kontinente barruko hiriak suntsitu zituzten; kostaldean ordea, hiri feniziar eta punikoetan, kultura kanaandarra (erlijioa eta hizkuntza bereziki), oso-osorik mantendu zen.




Atzera