marxismo

iz. K. Marx eta F. Engels eta haien jarraitzaileek eraturiko doktrina filosofiko, sozial eta ekonomikoa.
Marxek eta Engelesek garatu zuten doktrinak, sortzez, hiru ideia lotzen ditu: gizakiaren ikuspegi filosofikoa, historiaren teoria, eta programa ekonomiko eta politiko bat. Bizi izan zen artean, Marxek koherentziaz batu zituen doktrinaren alderdi desberdinak, baina momentuko premiek eta egokitu beharrek hainbat zuzenketa eta aldaketa ekarri zituzten marxismoa ideologia ofizial ezarri zen Sobiet Batasunean 1917tik aurrera. Ideologia honen oinarriak, Leninek garatuak, materialismoa eta sozialismoa dira. Materialismoa oinarri teorikoa da eta idealismoari (burgesiaren baliabide espekulatiboari, alegia) kontrajartzen zaio. Materialismoak bi ikuspegi ditu: dialektikoak munduaren lege orokorra eta giza pentsamendua azaltzen ditu, eta historikoak gizarte-errealitateak giza kontzientzia mugatzen duela aldarrikatzen du. Produkzio-moduen eta produkzio-harremanen arteko kontraesanek, klasearteko borroka alegia, gobernatzen dute historia. Kapitalismoaren produkzio-modua analizatuz, Marxek balioaren teoria garatu zuen, salgai batean dagoen lan-edukia, hain zuzen ere. Gainbalioa zera da, langileak bere lan-orduetan sortutako balioaren eta ordaindutako soldataren arteko aldea. Sistema kapitalistan, gainbalioaren neurria langilearen esplotazio-mailaren araberakoa da. Marxismoa komunismo, sozialismo eta beste zenbait doktrina politikoren oinarrietako bat da. Doktrina guztiekin gertatu ohi den bezala, marxistek beraiek baliogabetu izan dute maiz, baliabide teorikoak egia aldaezinak bailiran hartuz. Hala ere, ekonomialariek, marxistak ez izan arren, maiz erabiltzen duten tresna da gizarte kapitalistaren jarduera aztertzerakoan.
marxismo-leninismo




Atzera