ukimen

iz. Objektuekiko ukipena, presioa, haien zenbait ezaugarri fisiko (tenperatura, laztasun/leuntasuna, gogortasun/biguntasuna) eta mina hautematen dituen sentimena, gorputz osoko larruazalean hedatuta dagoena.
Ukimena transmisiorako oso bereziak diren hartzaile eta nerbio bidez osatutako sistema konplexu batek eratzen du; gorputz-azaletik (azaleko ukimena), muskulu eta giltzaduretatik (ukimen sakona) eta barneko organoetatik nerbio-zentroetara egindako sentimen-bulkaden transmisioaren emaitza da. Azaleko ukimena kanpotik iristen zaigun informazio-multzoak osatzen du eta dermisaren nerbio-amaieretan jasotzen da; sentimen-nerbioen bidez transmititzen da bizkarrezur-muineko nerbio-zeluletaraino, handik garuneko eremu sentsorialetara igarotzen da eta han sentimenezko inpresio bihurtzen da. Nerbio-amaierak korpuskulu sentsorialak (hartzaileak) edota nerbio-amaiera libreak izan daitezke. Lehenengoak, bereganatzen duten sentsazioaren arabera -hotza, beroa, marruskadura edo presioa- desberdinak dira beraien artean; bigarrenek, berriz, ez dute hartzaile jakinik eta min-sentsazioak transmititzen dituzte. Sentimen-amaierak era irregularrean banatuta daude gorputzean eta gune batzuetan oso ugariak dira, hala nola, hatz-mamietan. Ukimen sakonak muskulu eta giltzaduren kokapen eta higidurei buruzko informazioa ematen du eta, oreka-sistemak ekartzen duenarekin batera, zerebeloan koordinatu eta batzen da.




Atzera