Lekuona Berasategi, Joan Mari

Euskal idazle gipuzkoarra (Oiartzun, 1927). Gasteizen eta Erroman egin zituen ikasketak. Donostiako apaizgaitegiko eta Deustuko Unibertsitateko irakaslea izan da. Poesia (Mindura gaur, 1966; Muga beroak, 1973; Mimodramak eta ikonoak, 1990) eta itzulpenak landu ditu bereziki (Ezkongai, 1968). Arazo indibidualak jorratuz egindako poesia da berea; ukitu modernistak erantsi izan dizkio bertsolaritzaren neurri tradizionalean landuriko moldeari. Ilargiaren eskolan lanean (1979), hizkuntza surrealistagoa erabili du. Bere poemagintza, urtez urte garatua eta sakondua, euskal literaturaren aldi desberdinen mugarri da. Euskaltzain osoa 1987az geroztik, Euskaltzaindiko lehendakariordea izan da (1989-95) eta Literatura batzordeko arduraduna da. EIZIEko lehendakaria ere izan da (1987-90). - Julen (Oiartzun, 1938), aurrekoaren anaia. T. Williams-en Kristalezko Zoo eta Priestley-ren Ertzaina etxean itzuli ditu. Euskal abesti asko egin eta grabatu ditu (Itsasoan Urak Haundi; Ez, ez dut nahi; Hiltzaile bat bezela); "Ez Dok Amairu" taldeko kidea izan zen. Plazako kantagintzari utzi ondoren, Xabier Lete eta Antton Valverderekin kolaboratu izan du.



Atzera