poesia

iz. 1. Hitzaren bidezko adierazpen artistikoa, maiz bertso edo neurtitza erabiltzen duena; honela eratutako konposizioa bera. 2. Idazle, herri edo hizkuntza baten edo denbora-tarte jakin bateko poesi lanen multzoa. XX. m.ko euskal poesia. 3. (hed.) Sentikortasunari edo irudimenari eragiten dion edota efektu estetikoa sortarazten duen zerbaiten ezaugarria. Poesiaz beteriko musika konposatzen zuen. • juglare-poesia. Gaztelako juglareek landutako poesia narratibo, liriko eta dramatikoa (XII-XIII. m.). || klerezi poesia. Gaztelaniazko genero literario eta poesi eskola (XIII-XIV. m.). Poesia honetako autoreak kultuak ziren, gai serio eta didaktikoak landu zituzten eta cuaderna via ahapaldia erabili zuten.
Prosatik bereizteko ezaugarri bereziak ditu poesiak, hala azalean nola mamian; maiz erabili ditu neurria eta errima, hizkera jasoa izan ohi du eta sintaxia librea. Hala esan zaio hitz neurtua prosaren hitz laua izendapenari kontrajartzeko. Poesiak badu beti mezu sentimental zirrara-eragilea, eta hau lortzeko autoreek hainbat teknika erabili dituzte, deskribapen soiletik hasita sinbologia pertsonaleraino. Teknika zaharrenetako bat metafora da; adierazi nahi dena beste irudi batez ordezkatuz, halako indar berri bat hartzen du espresioak irakurritakoan, zirrara berezia sortzen duena. Ordezkapena izan liteke eguneroko edo naturako elementu batez egina, edo kultur tradizioan oinarritua, edo errealitate materialetik haratagokoa. Euskal poesia zaharrean, kopletan, naturako elementuak erabili ohi ziren alderaketa gisa (Itsasoa laino dago / Baionako barraraino / nik zu zaitut maiteago / arrainak ura baino). Barne-sentimenduak kanpoko errealitatearekin bat egitean indar berezia hartzen du, adierazkortasuna handituz. Poesi mota asko dago: narratiboa, dramatikoa, satirikoa, gorazarrekoa, soziala... Gure inguruko lehen poesia ezagunak Irlanda zaharrekoak dira, Ulsterko ziklokoak hain zuzen (K.a. I. m.), gaelikoz idatziak. Irlandarrak dira lehen poeta ezagunak ere, Amergin, San Patrizio, Cormac, Dallan Mac More, besteak beste (VII-X. m. bitartekoak).




Atzera