aireportu

iz. Airetiko joan-etorrien geltoki moduan erabiltzeko prestatutako zelaia eta instalazio multzoa; azpiegitura hau zaindu eta ustiatzen duen erakundea.
Aire-trafikoa etengabe emendatzen ari da eta ondorioz aireportuen tamaina ere gero eta handiagoa da. Bi motako instalazioak bereizi behar dira: teknikoak eta orokorrak. Instalazio teknikoak pistak, kontrol-dorrea, hurbildu eta lurrartzeko laguntza-zerbitzuak, erregaia hornitzekoak eta segurtasunekoak dira. Lurrartzeko eta lurruzteko pistak hormigoizkoak izaten dira eta erabili behar dituzten hegazkinen beharren araberako luzera eta zabalera dute. Handienek 3.800 m-ko luzera eta 60 m-ko zabalera izan ohi dute. Argi-baliza eta baliza irrati-elektrikoez hornituta daude eta lainoaren aurkako sistemak izaten dituzte. Aireportu txikietan erregaia zisterna-kamioien bidez eramaten da hegazkineraino. Handietan lurpeko erregai-ontziak izaten dira eta erregaia hornitzeko instalazio finkoak erabiltzen dira. Kontrol-dorrean kontrolatzaileak egoten dira. Hauek, radar eta irrati bidez, hurbiltzen ari diren eta lurruzteko prest dauden hegazkin guztien berri jakiten dute eta, behar izanez gero, pilotuei beharrezko aginduak ematen dizkiete hegazkinen arteko talkarik edo arrisku-egoerarik gerta ez dadin. Hurbildu eta lurrartzeko orduan ILS (Instrument Landing System) laguntza-sistema erabiltzen da. Honi esker hegazkinaren aginte-mahaian hegazkinaren posizioa lurrartzeko ibilbide idealarekiko zein den uneoro erakusten zaio pilotuari, lurrartze automatikorako ere erabil daitekeelarik. 1980.eko hamarkadaz gero, MLS (Microwave Landing System) mikrouhinen bidezko gidatze-sistema ezartzen ari da aireportuetan lurrartzea errazteko. Azkenik, segurtasun-zerbitzuak daude, hegazkinak lurrartu edo lurruztean istripu edo arazorik izanez gero parte hartzeko beti prest egoten direnak.
Instalazio orokorretan bidaiariek abiatzeko edo heltzeko erabiltzen dituzten zerbitzuak daude, hala nola fakturazio-zerbitzua, aduana, segurtasun-kontrola, itxaron-gela, ekipajea hartzeko gunea, itxaron-gela eta ontziratzeko pasabide edota ibilgailuak. Guztiok osatzen dute aireportuko terminala. Aireportu handi modernoak instalazio-konplexu erraldoiak dira eta milaka bidaiarik erabiltzen dituzte egunero. Espazio handia behar dutenez eta hegazkinek kutsadura akustikoa sortzen dutenez, aireportuak hiri handietatik landa ezarri ohi dira. Horregatik, aireportuak hiriekin azkar lotzearren garraiabide-sare erosoak (autopista, metro- edo trenbide-lineak) eraiki ohi dira.




Atzera