foruzaletasun
iz. Foruzalea denaren nolakotasuna; foruzaleen doktrina.
Bigarren Karlistadaren ostean, euskal foruak kendu zituztenean, agertu zen horien aldeko mugimendu politiko-kultural gisa foruzaletasuna, karlismotik eta berorren dinasti arazotik urrunduz. Foruak ezabatu zituzten urte berean (1876an) sortu zuten Madrilen La Paz, foruen defentsarako aldizkari politikoa. Nafarroan Asociación Eúskara de Navarra elkarteak gidatu zuen bereziki foruen aldeko borroka, El Arga egunkariaren bidez aurrenik (1880-81) eta Lau-Buru egunkariaren bitartez ondoren (1882-86). A. Kanpion izan zen mugimenduaren eragile nagusietako bat. Alderdi politiko gisa antolatu ziren Nafarroako foruzaleak, eta udal-hauteskundeetan garaile izan ziren 1881ean eta 1883an.
XIX. mendearen azken hamarkadan ideologia eta joera politiko ezberdinek sartu zuten foruzaletasuna beren programetan: integristek, karlistek. Hain zuzen ere, karlismoa esparru politikora berragertu zenean, mugimendu politiko foruzalea desagertu egin zen eta horren barruan zihardutenek karlismoan edo euskal abertzaletasunean (Kanpionek, adibidez) bilatu zuten beren leku politikoa. Integrismo foruzaletik euskal nazionalismora ere aldatu ziren batzuk: El Fuerista Donostiako aldizkari integrista egunkari nazionalista bihurtu zen bigarren fasean (1898an). Eta hark hasieratik zuen goiburua ("Jaungoikoa eta Lagi-Zarra") bere lema bihurtu zuen EAJ "jeltzaleak" (JEL = Jaungoikua Eta Lagi-Zarra). Eragin handia izan zuen, beraz, foruzaletasunak euskal nazionalismoaren jatorrian.
Atzera