ibai

iz. Ur-korronte naturala, aski handia, itsasora edo beste ibai batera isurtzen duena. ibai-zaldi. Ik. hipopotamo. IBAIKA. Kopuru izugarritan. Ibaika ari du euria. || IBAIAZ. Ibaika.
Ibaiak higadura-eragile garrantzitsuak dira. Isurtzen ari den bitartean, ibai-urak arroko materiala higatu eta garraiatu egiten du eta, apurka-apurka, arroaren erliebea aldarazten du. Horrela, mendikateak lauagoak egiten dituzte eta sedimentuen metaketa dela medio, ibai-lautadak sortarazten dituzte edota hainbat aintziraren hondoak eta itsas hondoak sedimentuz betetzen dituzte.
Ibaietan hiru zati bereizten dira: goi-, erdiko eta behe-ibilgua. Goi-ibilguan ibaiak malda handia izaten du eta korrontea oso handia izan ohi da. Ondorioz, higadura oso handia denez, ibaia tamaina handiko higakinak garraiatzeko gai da. Erdiko ibilguan malda txikiagoa da eta korrontea lasaiagoa izaten da. Hori dela eta, higadura ez da horren handia izaten, baina ibaiak partikula finak garraiatzen ditu. Behe-ibilguan, ibaiaren malda oso txikia da eta korrontea ere halakoa da. Korrontea txikia denez, urak ezin ditu esekiduran daramatzan partikulak garraiatu eta horiek hondoan edo ertzetan metatu egiten dira. Beraz, ibaiaren behe-ibilguan sedimentazioa izaten da nagusi.
Normalean, ibaiek daramaten ur-kopurua aldatu egiten da urte-sasoi batetik bestera. Ur-emarian gertatzen diren aldaketa horiek ibai-erregimena definitzen dute. Ibai batzuek oso erregimen aldakorra dute eta oso ur-emari handia izatetik urik ez izatera pasa daitezke sasoi batetik bestera. Beste batzuek oso ur-emari egonkorra izaten dute eta sasoi batetik besterako aldaketak ez dira asko nabaritzen.




Atzera