juntagailu

iz. HIZKL. 1. Perpaus-mailako lotura gauzatzeko funtzioa duen gramatika-elementua, maila eta izaera bereko perpausak elkartuz juntadura gauzatzen duena. 2. Maiz, perpausen arteko nahiz perpausaren sintagmen arteko erlazio-mota definitzen duen elementua adierazteko erabili izan da (honek menderagailua eta lokailua hartzen ditu bere baitan).
Juntatzen dituen osagaien artean kokatzen da juntagailua, bien juntagunean, perpausenean edo beste osagai baten juntagunean (izen-sintagma, adjektibo-sintagma, etab. juntatzeko) eta perpaus-elkarketa bideratzen dute. Juntagailu desberdinak ezin dira metatu bata bestearen ondoan. Euskarazko juntagailuak hiru sail nagusitan sar daitezke:
Emendiozkoak: juntatzen dituzten perpausak edo perpaus-atalak elkartzeaz gainera, batu eta berretu egiten dituztenak. Eta da emendiozko juntagailu nagusia. Maiz, emendioaren indargarri, ere lokailuaz (eta...ere bai; eta bai...ere; ez eta...ere; baita...ere; etab.) erabiltzen da. Bestalde, nahiz eta juntagailurik ez den ageri, eta-ren funtzio bera betetzen duten emendiozko hainbat esamolde daude (...ez ezik...ere...; ez bakarrik...baita...ere, etab.).
Hautakariak: juntatzen dituzten perpaus edo atalen arteko hautaketa, aukera, adierazten dutenak (edo, edota, ala, nahiz, zein).
Aurkaritzakoak: juntatzen dituzten perpaus edo atalen artean nolabaiteko aurkakotasuna adierazten dutenak (baina, baizik, baino, ezpada).




Atzera