orno

iz. ANAT. Bizkarrezurra eratzen duen hezurrezko edo kartilagozko segmentua. orno-kanal. Ornoek eratzen duten kanala, bizkarrezur-muina barnean daramana.
Ornodunen orno-kopurua zein morfologia aldakorra da, eta horixe izan ohi da, hain zuzen, ornodunen sailkapena egiteko irizpide nagusietakoa.
Gizakiek 24 orno aske dituzte (7 lepaorno, 12 bizkar-orno eta 5 gerri-orno), sakroa osatzen duten eta lotuta dauden beste 5 orno (errain-ornoak) eta bizkarrezurraren muturra edo kokzixa osatzen duten beste 5 orno.
Bizkarrezurrean duten kokapenaren arabera ornoen forma eta tamaina desberdina izanik ere, guztiek eredu morfologiko berbera eta ezaugarri komun batzuk dituzte. Ornoen atal nagusia hezur zurrun eta zilindrikoa den orno-gorputza da. Orno-gorputzak bi arku kartilaginoso edo bi hezur-arku ditu: bizkarraldeko arku dortsal edo neurala eta aortaren inguruan dagoen arku bentral edo sabel-arkua (azken hau arrainek besterik ez dute). Orno-gorputzak, arku neuralarekin batera, orno-muinaren pasagunea mugatzen du. Bestalde, arku neuralaren alboetan saihetsekin artikulatzen diren zeharkako bi apofisi daude, eta hauen erdian apofisi zorrotza. Beherantz fazeta izeneko luzakinak hedatzen dira.




Atzera