Txillida Juantegi, Eduardo

Eskultore eta grabatzaile gipuzkoarra (Donostia, 1924). Arkitektura ikasten hasi zen, baina ikasketak utzita eskulturari heldu zion. 1948an Parisera joan zen Europako abangoardia ezagutzera; ordukoak ditu lehen taldekako erakusketak. 1951n Hernanin finkatu zen; herri-sustraietan oinarriturik, lan abstraktuak sortu zituen (Ilarriak, 1951; Erliebea, 1951; Haizearen Orrazia, 1952). Oteizaren inguruan garaturiko mugimendu artistikoan ibili zen, euskal gizakiaren portaera eta izaera arakatuz. Informalismoan kokatzen da bere lana. Burdinak liluraturik, airea, espazioa, formak denboran eta hutsaren energia aurkeztuko zaizkio 1950eko hamarkadaren erdialdera erronka gisa: Amets ingudea, Utsune soinudunak, Musika Ixilla. Erakusketa asko egin zituen garai hartan: Madril (1954), Milan (1955), Berna eta Paris (1955), New York (1958), etab. Berak egindako obra asko Europa eta Amerikako museoetan eta hirietan daude. Txillidaren lanetan ia sormena bezain garrantzitsua da materiala; burdina lantzen du gehienbat, baina 1960az geroztik altzairua (Hutsaren inguruan, 1964-69; Iru Burni, 1966; Txoko Aske, 1968, Berlin, 2000), zura, granitoa, hormigoia eta buztina ere erabili ditu. Hainbat sari eta aitorpen jaso du Euskal Herrian eta nazioartean: Veneziako Bienaleko sari nagusia (1958), Chicagoko Graham Foundation-ena (1959), Kandinsky saria (1960), Andrew Mellon saria (1979); Chicagoko International Sculpture Center-en "Bizitza Osoan Lorturikoengatiko Saria" (1998), Eusko Ikaskuntza-Euskadiko Kutxa saria (1999). 1993an American Academy of Art and Science elkarteko kide egin zuten, 1994an Espainiako Arte Ederretako ohorezko kide, 1995ean EEBBetako Arte eta Letretako Akademiako kide; Honoris causa doktore izendatu zuten EHUk (1997) eta Madrilgo Complutense Unibertsitateak (2000).



Atzera