unitate

iz. 1. Magnitude baten balioa adierazteko erreferentzia gisa hartzen den eta arbitrarioki 1eko balioa esleitzen zaion delako magnitudearen neurria. Magnitude batzuen unitateen bidez (oinarrizko unitate izenekoen bidez) gainerako magnitudeen unitateak adierazten dira (adib., abiadura-unitatea luzera- eta denbora-unitateen bidez adierazten da: m/s). 2. Fabrika, enpresa edo erakunde batean funtzio jakina duen instalazio- edo baliabide-multzoa. 3. INFORM. Ordenadorean funtzio jakin bat betetzen duen osagaia. 4. MIL. Independenteki jardun dezakeen eta buruzagi baten agindupean den armada-zatia. • arreta intentsiboko unitate. Ik. arreta. || disko-unitate. INFORM. Disko magnetiko eta optikoetako datuak irakurri eta idatz ditzakeen gailu periferikoa. || kontrol-unitate. INFORM. Aginduak banan-banan hartu, interpretatu eta dagokion unitateari egikariarazten dizkion unitate zentraleko osagaia. || sarrera/irteerako unitate. INFORM. Ordenadorea eta kanpoko munduaren arteko komunikazioa ahalbidetzen duen unitatea, esate baterako, teklatua (sarrera-unitatea) eta inprimagailua (irteera-unitatea). || unitate aritmetiko-logiko. INFORM. Eragiketa aritmetiko eta logikoak burutzeaz arduratzen den unitate zentraleko osagaia. || unitate astronomiko. ASTRON. Luzera-unitatea (u.a.). Eguzkiaren eta Lurraren arteko distantziaren batez besteko balioa du (149.597.870 km). || unitate irudikari. MAT. i zenbakia. || unitate zentral edo prozesatzeko unitate zentral. INFORM. Ordenadorearen atal nagusia, kontrol-unitatea, unitate aritmetiko-logikoa eta memoria barne hartzen dituena. Bertan egikaritzen dira programetako aginduak (eusk.zko PZU edo ing.ezko CPU siglaz laburtu ohi da). || Unitate-Sistema Internazional (SI). Oinarrizko zazpi unitatez (metro, kilogramo, segundo, ampere, kelvin, mol eta kandelaz) osatutako neurri-sistema metriko hamartarra.
Herri guztietan izan dute magnitudeen (janarien pisu, lurren azalera, distantzia, etab.en) unitateak asmatzeko eta erabiltzeko premia. Horiek horrela, unitateak lekuaren, garaiaren eta neurtu behar zen gaiaren arabera desberdinak izan dira. Hori dela eta, XIX. m.aren hasiera arte unitateen arloan ez zen inolako batasunik egon.
1795ean unitate-sistema metriko hamartarra ezarri zen Frantzian. Laster hedatu zen Europa osora, sinplea eta koherentea baitzen. Hala ere, zenbait herrialdetan (herrialde anglosaxoietan gehienbat) lehengo unitateei ere (hazbetea, libra, kana, etab.) eutsi egin zaie.
Nazioarteko merkataritza-harremanak errazago egin ahal izateko, 1875ean hemezortzi estatu sistema metrikoari lotu zitzaizkion. Pisu eta neurrien Lehen Konferentzia Orokorrean, 1889an, metroaren eta kilogramoaren patroi berriak aukeratu ziren sistema metrikoaren oinarri izan zitezen. 1960an XI. Konferentzia Orokorrean Unitate Sistema Internazionala (SI) izena ezarri zitzaion, eta gaur egun oinarrizko zazpi unitate ditu: metroa, kilogramoa, segundoa, amperea, kelvina, kandela eta mola. Unitate hauen izena, ikurra eta multiplo edo azpimultiploen aurrizkiak Pisu eta Neurrien Konferentziak aukeratu eta ezartzen ditu.
Zientzian eta teknikan gero eta doitasun handiagoko unitateak behar direlako, Konferentziak SIko oinarrizko unitateak berriz definitu behar izaten ditu. Metroaren definizioa, adibidez, 1983an aldatu egin zen, baina eguneroko bizimoduan ez zuen eragozpenik sortu.




Atzera