Angola
(República Popular de Angola). Afrikako HM-ko estatua. Mugak: I-an Zaire eta Kongo; M-an Ozeano Atlantikoa; H-an Namibia; E-an Zaire eta Zambia. Lautada handia da, han-hemenka inselbergak dituena. Klima tropikala da. Iparraldea oihantsua da. Nekazaritza (mandioka, kakahuetea, artoa, sorgoa, kafea eta tabakoa). Arrantza. Meatzaritza (petrolioa, diamanteak, burdina eta gatza).
Historia. Lurraldea Neolitoaz geroztik dago populatuta. K.a. I. milurtekoan bantuak bertaratu ziren. 1482-86: Diogo Cao portugesak kostaldea esploratu zuen. 1574: portugesek koloniak sortu zituzten kostaldean. Esklabo-merkataritza zen lurraldeko jarduera ekonomiko nagusia. 1630: Ndongo erresumaren kontrako gerra piztu zen eta nederlandarrek kolonia portugesak menderatu zituzten, baina Brasildik iritsitako tropek berreskuratu egin zituzten. XIX. m.: esklabotza debekatuta, portugesak barnealdea esploratzen hasi ziren. 1894-1920: tribuen arteko gerrak. 1955: Portugalgo probintzia izendatu zuten. 1961: independentzi matxinada Luandan. Independentzi gerra hasi zen, baina hiru talde nagusitan zatituta zeuden abertzaleak: FNLA (Angolaren Askatasunerako Fronte Nazionala), MPLA (Angolaren Askatasunerako Herri-Mugimendua) eta UNITA (Angolaren Independentzia Osorako Batasun Nazionala). 1974: Apirilaren 25eko iraultza gertatu zen Portugalen eta agintari berriek arazoari irteera politikoa ematea erabaki zuten. 1975: MPLA marxistak, Lisboako zenbait agintariren laguntzaz, boterea eskuratu eta metropoliak independentzia onartu zuen. Berehala gerra zibila piztu zen. 1976: soldadu kubatarren laguntzaz MPLA nagusitu zen gerran eta Agostinho Neto lehendakari bihurtu zen. 1979: Neto hil zen eta J.E. dos Santos lehendakari izendatu zuten. 1981: UNITAk Hegoafrikar Errepublikaren laguntzaz gerra indartu zuen H-an. 1982: Hegoafrikar Errepublikak lurraldearen hegoaldea okupatu zuen, baina 1984an atzera egin zuen. 1988an soldadu kubatarrak Angola uzten hasi ziren. 1992: gerrilak eta gobernuak bakea sinatu zuten eta hauteskundeak egin ziren. 1993: UNITAk ez zituen hauteskundeen emaitzak onartu eta gerra berpiztu zen.
Atzera