esklabotza
iz. 1. Esklaboaren egoera. 2. Esklaboen existentzian oinarritzen den sistema sozial eta ekonomikoa.
Esklabotzak historia luzea eta zabala du mundu osoan. Gizarte eta garaiaren arabera hainbat forma hartu ditu esklabotzak, eta adituak ez datoz bat horren definizio zehatza ematean. Badira, ordea, funtsezko elementu batzuk esklaboaren egoera definitzen dutenak. Nagusiarena da esklaboa, honen ugazaba ez ezik jabea baita hura, erosi eta saldu egin dezakeena; horren arabera, nagusitasun praktikoa erabatekoa izango zen batzuetan, esklaboaren biziaren beraren gain agintzen zuena, esklaboa gauzatzat harturik; besteetan, berriz, mugatuagoa zen nagusiaren eskubidea, esklaboaren pertsona-izaera onartzen zuena. Bestalde, esklaboak bere arbaso eta ahaideekiko lotura eta harremana erabat galtzen du legez eta sozialki. Azkenik, esklaboak ez du bere jabetzakorik: beraren lanaren produktua nagusiarena da; eta sarritan esklaboaren ugalketa ere jabearen manupean dago.
Ezaugarri horiek badira oro har esklabotzarenak, bestelako menpekotasunezko egoera sozialetatik bereizi egin behar da esklaboarena, bereziki erregimen feudaleko jopuarenetik edota morroiaren eta neskamearen egoeratik. Jopu feudalaren morrontza lurrarekikoa da zuzenean; horrek bere jabetzako ondasunak produzitzen ditu eta famili bizitza autonomoa izan ohi du (dena dela, Europako Erdi Aroan ez zen antzinatik zetorren benetako esklabo-merkataritza desagertu). Jopu hitza, zerbitzaria adieraztetik, esklaboa adieraztera aldatu da batzuetan, berorren adiera hertsian; horregatik esklabotza eta joputza berdindu egiten dira sarritan.
Giza zibilizazioaren hasieran seguruenik esklabotzak ez zuen lekurik, gizon-emakumeak lurraren fruituak biltzetik eta ehizatik, biziraupen-ekonomian eta populazioa gizarte-mailatan banatu gabe bizi zirenean. Esklabotzak mailaketa sozial handia eta soberakin-ekonomia eskatzen du, jabeak bere buruaz eta bere familiaz gain esklaboa ere mantendu behar duelako, eta jabeak irabaziren bat atera nahi duelako esklaboarekin. Funtsean eskulanaren premiak ekarri zuen esklabotzaren sistema; gehienetan eginkizun apal eta gogorrak betetzeko eskulan merkea segurtatzeko eta kontrolatzeko sistema izan zen, tresneria eta makineria modernorik ezean. Bestalde, esklabo-jabearen maila sozioekonomikoaren euskarri eta haren atseginerako (oherako esklaboa, barre eragiteko esklaboa) baliabidea izan zen esklabotza.
Bere nahiaren kontra jasan izan du esklaboak bere egoera. Gertatu izan da, hala ere, norbaitek bere burua esklabotzat ipintzea nagusiaren menpe, zituen zorren ordaintzat, edo bestela bere burua mantendu ezin zuelako. Baina gehienetan norbaitek behartuta erori izan dira gizon-emakumeak esklabotzan: gerrako gatibutasunaren ondorioz, esklabotarako zuzenean harrapatua izan ondoren, esklabo-merkatuan gurasoek edo arduradunek esklabo-erosleari saltzearekin edo batzuetan esklaboaren haurra izateagatik, besterik gabe, gertatu da gehienetan esklaboa bere egoeran. Indarrezko bahiketa iraunkorraren zentzua izan du funtsean esklabotzak. Egoera horretatik libratzeko legezko bidea, berriz, jabeak jaregitea (manumisioa) izan da: jabearen beraren gogoz, legeak hartara behartuta, esklaboak berak edo besteren batek ipinitako diru-trukez. Esklaboen jaregintza kolektiboak aldaketa politiko, juridiko eta sozialen ondorioak izan dira, XIX. mendean Mendebaldeko hainbat estatutan gertatu zen bezala. Esklabotzaren historiarekin baterakoa da, ordea, horretatik libratzeko borroka ere: nork bere burua hiltzea, ugazabaren menpetik ihes egitea, ugazaba bera hiltzea, esklaboen matxinada kolektiboak, etab. izan dira askapen-borrokaren formak historian zehar.
Historiako zibilizazio eta herri gehienetan aurkitu ahal da esklabotza; Mendebaldeko (bereziki zibilizazio greko eta erromatarrean) eta islamdar zibilizazioetan nabarmenagoa izan da hori. Antzinako Grezian eta Erromatar inperioan edo Aro Modernoan Europako estatuetako eta Amerikako esklabo-merkataritzan kokatu ohi da esklabotzaren historia. Asiako, Amerikako nahiz Afrikako zibilizazio handietan (zaharretan eta berriagoetan) eta munduko herri gehienetan ere aurki dezakegu, ordea, onartua eta nolabait legeztatua esklabotzaren sistema, bertako erakuntza sozioekonomiko eta politiko orokorrarekin lotuagoa batzuetan, fenomeno bazterrekoagoa besteetan.
Ilustrazioaren eta gizabanakoaren eskubideen aldeko mugimenduaren eraginez joan zen zabalduz Mendebaldean esklabotzaren kontrako kontzientzia XVIII. eta XIX. mendeetan, estatuak horren aurkako legeak egitera behartzeraino. XX. mendean munduko estatu guztietara zabaldu dira esklabotzaren abolizio-legeak; Mauritaniak debekatu zuen ofizialki azkenekoz, 1980an. NBEren Giza Eskubideen Deklarazioaren 4. artikuluan esplizituki dago kondenatuta esklabotzaren praktika. Gaur egun legez esklabotza onartzen duen estaturik ez dago.
Euskal Herriko historian ere badira esklabotzaren aztarnak; erregimen foralean, ordea, ez zuen lekurik izan. Euskal Herriko dokumentuetako esklabotzaren aipamenak gehienbat mairuei eta juduei buruzkoak dira. Esklabotzaren joera soziologiko eta juridiko ia unibertsala betetzen da hor; izan ere, herri gehien-gehienetan esklaboak arrotzak izan dira; sarritan debekatuta zegoen gainera herritarrak esklabo bihurtzea. Jabearen eta esklaboaren arteko arrazazko, etniazko eta erlijiozko ezberdintasunak, maiz esklabotzarako baldintza izateaz gain, bide eman izan du batzuetan esklaboaren egoera okerragotzeko.
Atzera