aspektu
iz. HIZKL. Aditz-ekintza bere garapenaren eta bukaeraren ikuspegitik zein egoeratan dagoen adierazten duen aditzaren kategoria gramatikala.
Aditza, aspektuari dagokionez, hiru motakoa izan daiteke. Adierazten duen ekintza edo egoera burututzat, amaitutzat, jotzen bada, aditz hori burutua dela esango da. Ekintza hasia baina burutu gabe dagoela adierazten bada, burutugabea edo ez-burutua. Eta ekintza oraindik gauzatu ez bada, gertakizun. Adizki perifrastikoetan, aditzoinari atxikiak agertuko dira aspektuaren markak: etorri zen (burutua), etortzen zen (burutugabea), etorriko zen (gertakizun). Hiru adibide hauei esker ikus dezakegunez, aspektuak ez du zerikusirik aditzaren aldiarekin: hirurak iraganak dira, aspektuaren aldetik desberdinak izan arren. Adizki trinkoek ez dute aspektu-marka ageririk baina, marka formalik gabe ere, puntukaritasuna adierazten dutela esan genezake, hau da, ekintza bere garapenaren une batean azaltzen dute; ikuspegi honetatik, "ikusten ari da, ikusten ari zen" moduko adizkien parekoak dira.
Atzera