balentzia

iz. 1. KIM. Elementu kimiko baten konbinazio-ahalmenaren ezaugarri den zenbakia. Kanpo-geruzan dagoen elektroi-kopuruaren arabera atomoak elektroiak emateko edo hartzeko agertzen duen joera da funtsean. 2. PSIKOL. Pertsona baten espazio psikologikoan objektu batek duen erakarpen- (balentzia positiboa) edo aldarapen-indarra (balentzia negatiboa).
KIM. Balentzia kontzeptuak substantzien atomo arteko lotura kimikoekin zerikusi handia du. Atomoek elkartzeko duten modu ohizkoena nolakoa den, horrek definituko du haien konbinazio-ahalmena edo balentzia. Zoritxarrez, oso esanahi desberdinekin erabili izan da hitz hau. Batzuetan, ioi baten karga elektrikoa seinalatzeko hartu izan da, edo atomo konkretu bati lotuta dauden atomoak adierazteko eta beste batzuetan, oxidazio-indizeaz hitz egiteko.
Elementuen propietate batzuk, hauen artean balentzia, beren egitura elektronikoan oinarritzen dira, eta bereziki kanpoko geruzaren eraketan. Elementu kimiko guztiek gas nobleen egitura elektronikoa bereganatzeko joera agertzen dute. Egitura hori bi modutara lor dezakete: atomoek kanpoko geruzan dituzten elektroiak galduta (horrela, azkenaurreko geruza 8 elektroirekin osatuta dagoenez, kanpokoa izatera pasatzen da); edota kanpoko geruza osotzeko behar dituen elektroiak irabaziz. Eta bi modu hauetatik, normalean errazena aukeratuko du atomoak, hau da, elektroi-trukaketa txikiena egitea, kanpoko geruza osatzeko. Hau honela da lotura ionikoarekin elkartzen diren atomoen kasuan. Baina normalean atomoak lotura kobalentearekin batzen dira, hau da, molekula osatzen duten atomoek azken geruzako elektroiak erkideak dituzte eta horren ondorioz atomoek zortzina elektroi balituzte bezala geratzen dira.




Atzera