atomo

iz. KIM. Materiaren oinarrizko osagaia, protoi eta neutroiak biltzen dituen nukleoaz eta orbitetan dauden elektroiez osatua.
Materiaren egitura azaldu nahian, atomo ideiaren lehen proposamena antzinako Grezian egin zen: Demokrito filosofoak, materia partikula zatiezinez eratuta zegoen teoria azaldu zuen eta partikula horiei atomo izena eman (grekoz atomosek zatiezina esan nahi baitu). Baina garai hartan materiaren izaera egiaztatzea ezinezkoa zen eta Aro Modernora arte ez zitzaion gaiari berriro heldu. XIX. mendean John Dalton britainiarrak, esperientzia praktikoetan oinarrituta, elementu bakoitzak ezaugarritzat dituen bolatxo solido gisa definitu zituen atomoak. Mende horren amaieran partikula horiek ez direla zatiezinak aurkitu zen, zatiki elementalez osatuta daudela baizik. Horietatik aurkitu zen lehenengoa elektroia izan zen (sir J.J. Thomson-ek). 1911n, Rutherford-ek, esperimentu bidez zera frogatu zuen: atomoaren zatirik handiena hutsa zela; masa, nukleo txiki-txiki batean bilduta dagoela eta horren inguruan dabiltzala elektroiak biraka. Nukleoak karga positiboa dauka eta biraka dabiltzan elektroiek berriz, negatiboa. 1913an, Niels Bohr daniarrak, elektroi bakoitzak ibilbide jakina egiten duela egiaztatu zuen eta nukleoa inguratzen elektroi-hodeia dagoela, hauek zenbait geruza edo energi mailaz osatuak, eta geruza horietan higitzen direla elektroiak. Elektroi-geruza hauen bidez egiten dute lotura atomoek beren artean konbinatu eta molekulak eratzen dituztenean.
Gaur egun atomoaren egitura oso-osoa ezagutzen ez den arren, ereduaren ideia nahikoa zehatz eta egiaztatua dagoela esan liteke. Atomoak bi zati nagusi ditu: masa gehien biltzen duen nukleo txikia (atomo osoaren tamaina baino 10.000 bider txikiagoa da) eta horren inguruan dagoen negatiboki kargatutako elektroi-hodeia. Nukleoa bi partikula-motaz osatuta dago: protoiez eta neutroiez. Protoiak positiboki kargatuta daude eta neutroiek ez dute karga elektrikorik. Lehen atomo-ereduetan elektroiak orbita zehatzetan zehar higitzen ziren nukleoaren inguruan, baina egia esan, atomoak askoz ere egitura konplexuagoa dauka eta gaur egun mekanika kuantikoak elektroia probabilitate handienaz egon daitekeen espazioa mugatzen duen orbital izeneko esparru edo egoera definitzen du eta elektroi baten kokapena jakiteko bide bakarra, probabilitate-kalkulua da. Mende honetan zehar, partikula elemental berri ugari aurkitu da. Bestalde, tenperatura oso altuen eraginpean jarritako materia, Eguzkian dauden tenperatura-baldintzetan adibidez, ez dago atomoz osatua, plasmaz baizik (atomo-nukleoz eta elektroi askez, alegia). Dena den, gure ingurunea ulertzeko, Bohr-en atomo-eredua baliagarria da.
Atomo baten protoi- eta elektroi-kopurua berdina da eta kopuru horri zenbaki atomiko (Z) deritzo. Protoi-kopuru bera baina neutroi-kopuru desberdina duten atomoak isotopoak dira. Elektroiak gal edo har ditzake atomoak, elektrikoki kargatuz, eta orduan ioi esaten zaio.




Atzera