elektrolisi
iz. KIM. Elektrizitatearen eraginez zenbait substantziak jasaten duten deskonposizio kimikoa.
Substantzia batzuk deskonposatu egiten dira korronte elektrikoak zeharkatzen dituenean; elektrolitoak dira. Normalean, azido, base edo gatzak izaten dira. Upela elektrolitikoa, elektrolito disolbatua (normalean uretan) kokatzen den ontzia da, eta bertan sartzen dira elektrodoak (anodoa eta katodoa), elektroien transferentzia posible egiten duten eroaleak alegia. Elektrodoen artean korronte jarraia konektatzen denean, elektrolitoa daukan disoluzioan molekulen disoziazioa gertatzen da eta ioiak lortzen dira: katioiak, elektrizitate positibodunak, eta anioiak, karga negatibodunak. Karga hauek berdinak dira, baina kontrako zeinua dute; katodoak katioiak erakartzen ditu eta anodoak anioiak.
Elektrolito jakin baterako, deskonposatutako substantzia-kopurua zeharkatzen duen elektrizitate-kopuruaren araberakoa da.
Elektrolisiak garrantzi handia du industriako aplikazio gisa: metalen errefinaketan, kloro eta kloruroen produkzioan, aluminioa prestatzeko, nikeleztaketan, kromoztaketan, galvanoplastietan, etab.etan.
Atzera