garezur

iz. Ornodunen buruko hezur-multzoa, barailak barne; zentzu hertsian, entzefaloa dagoen barrunbea eratzen duten hezurren multzoa, kaxa entzefalikoa.
ANAT. Gizakiarengan, garezurra arrautza-formakoa da eta buruaren goiko eta atzeko zatia osatzen du; behetik eta atzetik bizkarrezurrarekin artikulatuta dago eta aurretik aurpegiko hezurrekin lotuta. Garezurraren goiko atalari ganga deritzo eta behekoari oinaldea. Zortzi hezurrez dago osatua: hezur frontala, bi parietal, bi loki-hezur (edo tenporal), hezur okzipitala, esfenoidea eta etmoidea, elkarren artean josturen bidez artikulatuak. Jaioberriarengan jostura horiek ez dira erabat itxita egoten, eta hezurren artean pixkanaka hezurtzen joaten diren gune minzkarak izaten dira: fontanelak. Hezur parietalak eta frontala elkartzen diren puntuari bregma esaten zaio, eta hezur okzipitala eta bi parietalen elkarguneari lambda.
Garezurreko gangako hausturak ez dira normalean oinaldekoak bezain larriak izaten. Haustura oinaldean gertatzen denean, nerbio kranialetan, sinuetan eta barne-belarrian lesioak sor daitezke. Hausturarik gabeko traumatismo kranialek zerebroa konprimatzen duten odoljarioak sor ditzakete; kasu horietan derrigorrezkoa da ebakuntza lehenbailehen egitea. Garezurreko lesio traumatiko orok ondorio neurologikoak sor ditzakete.




Atzera