nerbio

iz. 1. ANAT. Entzefaloa eta bizkarrezur-muina gorputzeko gainerako aldeekin mezu elektriko eta kimikoen bidez komunikatzen duen ehun berezizko kordoi-formako egitura. Batzuek mezu sentsitiboak edo mezu motoreak soilik garraiatzen dituzte, ondorioz, nerbio sentsitibo edo nerbio motore deritze. Beste batzuk, ordea, bi mezu-motak garraiatzeko gauza dira eta nerbio misto esaten zaie. 2. Indarra edo kemena, fisikoa zein psikikoa. 3. (pl.) Larritasun edo urduritasunezko egoeretan sentitzen den ezinegona. 4. BOT. Hostoetan eta beste organo hostokaretan dauden ehun eroalezko bala txikietako bakoitza. 5. ERAIK. Ganga baten edo sabai lau baten barnealdetik jartzen den elementu irten eta jarraia, sostengu- edo apaindura-funtzioa duena. 6. ERAIK. eta TEKNOL. Eraikuntzako eta makineriako pieza batzuetan jartzen diren indargarri metalikoetako bakoitza, edo gainazal baten lautasuna hausten duten irtengune luzangetako bakoitza. 7. ZOOL. Intsektuetan, hegoa indartzen duen egitura kutikular loditua.
ANAT. Nerbioak nerbio-sistema izeneko komunikazio-sarearen osagaiak dira eta beren eginkizuna nerbio-sistema gorputzeko organoekin komunikatzea da. Nerbio-sistemaren unitatea neuronak dira. Hauek oso zelula espezializatuak dira eta bi atal nagusi dituzte: gorputza eta axoia. Gorputza neuronaren zati zabalena da, nukleoa du bere baitan eta dendrita izeneko hainbat luzakin ditu. Axoia gorputzari lotuta dagoen neurona-zati luze eta estua da eta sarritan mielinaz osatutako estalkia du inguruan. Nerbioak hainbat axoiz eta horiek inguratzen dituzten ehun lagungarriez osatuta egoten dira.
Nerbioek mezu sentsorialak zein motoreak garraia ditzakete. Mezu sentsorialak (ukimen-kinadak, ikusmen-kinadak, mina, etab.) hartzaile periferiko batetik nerbio-sistema zentralera garraiatzen dira; hori dela eta, aferenteak direla esaten da. Mezu motoreak (muskuluak mugiarazten dituztenak) bizkarrezur-muinetik muskulu ildaxkatuetara garraiatzen dira eta eferenteak direla esaten da. Nerbio batzuek mezu sentsitiboak edo mezu motoreak soilik garraiatzen dituzte, ondorioz, nerbio sentsitibo edo nerbio motore deritze. Beste nerbio batzuk, ordea, bi mota horietako mezuak garraiatzeko gauza dira eta nerbio misto esaten zaie.




Atzera