minostar

adj. eta iz. 1. Minos-i dagokiona. 2. HIST. Kretako Brontze-Aroko zibilizazioa; delako zibilizazioari dagokion aldia, III. milurtekotik K.a. 1100 bitartekoa.
Arte minostarra XIX. m.aren amaieran aurkitu zen, Evans arkeologo britainiarrak Knososen egindako indusketetan. Geroztik aurkikuntza berriak egin dira Mediterraneoaren ekialdean. Eraikuntza-multzoak erdiko patio handi baten inguruan kokatuta ageri dira. Zutabez bermatutako areto zabalak eta argi-sarrerek alaituriko korridoreak zeuzkaten goialdean, eta biltegiak behealdean. Ubideak ere aurkitu dira, eta antzoki gisa erabiltzen ziren zabalguneak. Kararria, igeltsua, buztina eta zura erabiltzen zuten. Hilobi handiak (Isopatarena, Knososen) aurkitu badira ere, ez da tenplu arrastorik gelditu. Buztin hezearen gainean eginiko pinturak daude jauregi eta beste etxeetako paretetan. Kolore bizien zaleak izan ziren: gorria, urdina eta zuria, batez ere. Animaliak, landareak, oro har, naturako gaiak erabili zituzten askatasun handiarekin, linea bihurri eta dotoreetan. Eskulturan, uhinen antzeko lineak erabili zituzten, bereziki otoitzerako zeuzkaten irudi txikietan, oso modelatze-lan dinamikoa baitute, jarrera geldian eginak baldin badaude ere. Emakumezkoak bularrak agerian eginda daude, gona luze eta farfaildunekin; gizonezkoak gihartsu eta zauli, erdibiluzik. Batzuetan, beren bizitasunagatik, irudiok arte grekoa iragartzen dute. Terrakota, bolia eta brontzea landu zuten eta giza irudia, prozesioetan, zezenketetan, maitaketan ageri da; gerrako eszenarik, ordea, ez da azaldu.




Atzera