kolore
iz. 1. Uhin-luzera jakineko uhin elektromagnetikoek begian sortzen duten sentsazioa. Ostadarraren koloreak. Kolore osagarriak. 2. Koloredun substantzia edo materia. Koloreak nahastu. 3. Zuri, beltz eta grisari kontrajartzen zaiona. Koloretako filma. 4. Koloreak begietan eragiten duen sentsazioaren antzekoa sortzen duen itxura; -abardura-ugaritasuna edo bizitasuna. Kolorerik gabeko idazkera. 5. (hed.) Talde baten iritzi--abardura edo ikuspegi politikoa. Kolore bakarreko gobernua. 6. (pl.) Herri, estatu, kirol-talde, etab.ak bereizgarri moduan hartzen duen ikur koloreduna; kirol-talde baten uniformea. Bere klubaren koloreak defenditzen. 7. Karta frantsesak banatzen diren lau sailetako bakoitza (bihotz, diamante, hirusta eta pika). • kolore bero. PINT. Ik. bero. || kolore hotz. PINT. Ik. hotz. || kolore primario. Beraiek nahastuz gainerako kolore guztiak sortzen dituzten koloreen multzoa (era honetako multzo asko osa daitezke, eta erabiliena gorri, berde eta urdinaren hirukotea da; pinturan, gorri, hori eta urdina).
Kolorearen sentsazioa gizakiaren garunean eta beste izaki bizidun batzuenean soilik sortzen da. Argia eta kolorea, begiko erretinara iristen diren erradiazioak somatzeko modua besterik ez dira; honek esan nahi du koloreaz dugun pertzepzioa, gertakizun fisiko batean oinarritzen den prozesu fisiologiko eta psikologikoaren emaitza dela.
Eguzkiak eta beste argi-iturri batzuek ere uhin-luzera desberdinetako erradiazio elektromagnetikoak igortzen dituzte eta hauek materiarekin topo egitean erabat edo partzialki zurgatuak izan daitezke. Zurgatu gabeko erradiazioak isladatu egiten dira eta honek kolorearen sentsazioa ematen du. Gauzaki batek iristen zaion erradiazio ikuskor osoa zurgatzen badu, beltz ikusten da; erradiazio osoa isladatzen badu, ordea, zuri ikusten da.
Erradiazio guztien nahasketak kolore zuriaren efektua egiten du begian; urdina eta morea uhin-luzera laburren efektua diren bezalaxe, laranja eta gorria uhin-luzera luzeen efektua dira.
XVII. m.an Newtonek frogatu zuen argi zuria kolore desberdinetan deskonposatzen zela prismatik igarotzean. Kolore zuria kolore bakunen batura zela frogatu zuen, prismatik igarotzean argi zuria koloretan deskonposatzen zela ikusi baitzuen. Argi zuria prismatik igarotakoan ematen dituen koloreei oinarrizko kolore deritze; zazpi dira eta uhin-luzera handienekotik txikienekora honela ordenaturik daude: gorria, laranja, horia, berdea, urdina, anila eta morea. Gainerako koloreak oinarrizko zazpi koloreak konbinatuz lortzen dira.
Gaur egun, koloreak sailkatzeko, nahasteen teknika erabiltzen da oinarrizko hiru koloreetatik -kolore primarioetatik- abiaturik: gorria, berdea eta urdina. Gainerako koloreak, kolore primarioen batuketa edo kenketa bidez lortzen dira. Bi kolore, edo gehiago, osagarriak direla esaten da batuz gero kolore zuria lortzen bada. Edozein bi kolore primario batuz lortzen direnei kolore sekundario esaten zaie.
Koloreak bereizteko, hiru tasun erabiltzen dira: intentsitatea (edo argitasuna), behatzen ari den gauzakiak jasotzen duen argi-kopuruari dagokiona (gauzakien kolorea ez da berdina eguzki-argiaz edo lanpara elektriko batez argiztatzen denean adibidez). Tonua, koloreak batabestetik bereizten dituena; kolorean nagusi den uhin-luzerari dagokio. Asetasuna, kolore jakin batean argi zuriarekin nahasirik dagoen kolore jakin baten proportzioa adierazten duena; zenbat eta argi zuri gehiago egon, hainbat txikiagoa da asetasuna.
Teoria bat baino gehiago izan arren, pertzepzio kromatikoaren alderdi fisiologikoa ez da behar bezala argitu oraindik. Erretinan bi motako zelula hartzaileak daude, konoak eta bastoiak, zuri-beltzeko eta koloredun irudientzat hurrenez hurren. Uste denez, pertzepzio sentsoriala hiru koloretan aztertzen da eta, ondoren, hiru kolore horiek kontrako bikotetan konbinatzen dira: gorri-berdea, urdin-horia eta zuri-beltza. Hala ere, gizonezkoen % 8ak eta emakumezkoen % 1-2ak pertzepzio kromatiko desberdina du; koloreak ikusteko erabateko ezintasuna oso arraroa bada ere, koloreak bereizteko zailtasuna (daltonismoa) ugaria da.
Atzera