uhin
iz. 1. Uraren gainazalean gertatzen den goragune higikorra, haizeak edo bestek eragina. 2. FIS. Espazioan edo ingurune material batean hedatzen den perturbazio periodikoa. • talka-uhin. FIS. Fluido batean sortzen den presio eta tenperatura altuko geruza mehea, fluidoa abiadura supersonikoz objektu geldi baten gainetik pasatzean edo jaurtigai supersoniko bat fluido geldikor batean zehar iragatean eratzen dena. || uhin eramaile. TELEKOM. Seinale bat garraiatzeko erabiltzen den maiztasun eta anplitude finkoko uhin elektromagnetikoa. Seinalea uhin eramaileari gainjarri egiten zaio eta maiztasunean (FM) edo anplitudean (AM) eragindako aldaketen bidez garraiatzen da. || uhin geldikor. FIS. Perturbazioa puntu batetik bestera desplazatzen ez denekoa. Isladapenaren ondoriozko uhin-interferentziez sortzen dira (adib., musika-instrumentuen harien edo tutu barneko airearen bibrazioak uhin geldikorrak dira). || uhin sismiko. GEOL. Lurraren barnealdean edo gainazalean zehar hedatzen dena, Lurraren barneko perturbazio bortitz batek eragindakoa eta lurrikara-eran agertzen dena. || uhin-ekuazio. FIS. Uhin baten hedapena adierazten duen ekuazio diferentziala. || uhin-funtzio. FIS. Partikula batek espazioan dituen koordenatuak adierazten dituen adierazpen matematikoa. Egitura atomikoa azaltzeko erabiltzen da besteak beste. || uhin-luzera. FIS. Uhinean, fase berdineko bi puntu (adib., bi gailur edo bi sakongune) jarrairen arteko distantzia. Uhin-luzeraren eta maiztasunaren biderkadura fase-abiadura da.
Soinua, argia, itsasoko olatuak eta beste fenomeno fisiko asko, oso itxura desberdinekoak diren arren, uhin-higiduraren kasu bereziak dira guztiak. Magnitude fisiko baten (partikula baten higidura, gas baten presioa, ...) aldakuntza denboraren eta espazioaren ikuspuntutik aztertuta ulertu behar da uhin kontzeptua: espazioko puntu jakin batean magnitudea denborarekin batera aldatuz baldin badoa eta, gainera, perturbazioa inguruko puntuetara hedatuz baldin badoa, espazioko beste puntuetan ere magnitude hori denborarekin batera aldatuz doala, espazio horretan uhin bat hedatzen ari dela esaten da.
Uhinak sailkatzeko hainbat irizpide erabil daitezke, baina oinarrizko irizpide bi daude.
1.- Hedapenerako ingurune materiala behar duten ala ez kontuan hartuta, bi motatan sailkatzen dira uhinak:
A) Uhin mekanikoak edo materialak: ingurune fisikoa behar dute hedatzeko, hasierako perturbazioa ingurunearen molekula batetik bestera hedatzen baita. Adibidez, soinua (presio-uhinak airean) eta itsasoko olatuak. Geldirik dagoen uretara harri bat botaz gero, harria uretan indarrez sartuko da, puntu horretan uraren molekulak norabide guztietara egotziz; molekula horiek aldameneko molekulak bultzatuko dituzte, eta hauek beren ondokoak, etab. Baina perturbazioaren hedapena ezin da bat-batekoa izan, likidoaren inertziagatik; harriak kanporatutako ura, une batez, harriaren inguruan metatuko da eta uraren gainean goragune zirkular bat -urezko eraztun bat uraren gainazalean- eratuko du. Goragune hori eta harria erori den puntuaren artean ez dago urik, ur hori goragunean dagoelako, hau da, sakongune bat dago bien artean. Goraguneak eta sakonguneak baliokideak dira eta biek uhin oso bat eratzen dute.
B) Uhin elektromagnetikoak. Ez dute ingurune fisikorik behar, hau da, hutsean berdin hedatzen dira. Hutsean argiaren abiaduraz (299.792,458 km/s) hedatzen dira eta ingurune gardenetan v=c/n abiaduraz hedatzen dira (c hutseko abiadura da eta n ingurunearen errefrakzio-indizea). Uhin elektromagnetikoak karga elektrikoa duten partikulek sortzen dituzte higitzean eta energia garraiatzen dute. Uhin elektromagnetikoen energia maiztasunaren araberakoa da eta Planck-en ekuazioaren bidez kalkulatzen da: E=hv (E energia da, v maiztasuna eta h Planck-en konstantea). Uhin elektromagnetikoen maiztasun-tartea oso zabala da (Ik. espektro). Fisikoki izaera berdina dute argiak, gamma izpiek eta irrati-uhinek, denak baitira uhin elketromagnetikoak, baina gure ikusmenak argia baino ez du antzematen.
2.- Perturbazioaren norabidea eta perturbazio horren hedapenaren norabidea kontuan izanik, bi motatan sailkatzen dira uhinak:
A) Luzetarako uhinak: uhinaren hedapenaren norabidea eta magnitude fisikoaren perturbazioarena berdinak dira; adibidez, soinua eratzen duten presio-uhinak.
B) Zeharkako uhinak: aipatu bi norabideak elkarzutak dira; adibidez, uhin elektromagnetikoak eta uraren gaineko uhinak. Gorago erabili den uraren eta harriaren adibidea berriro harturik, ur horren gainean gorputz bat flotatzen ari bada, harriak uretan eragindako uhinak harrapatzen duenean, lehenik gorputz hori uraren mailaren gainetik altxatuko du eta, ondoren, bertikal berean jaitsiko da uraren mailaren azpitik, azkenik, bertikal berean betiere, hasierako posiziora itzultzeko. Beraz, uhinak uraren puntu materialen oszilazioa eragiten du eta oszilazio horren planoa eta uhina hedatzen ari den planoa (uraren gainazala) elkarzutak dira.
Uhina definitzeko hainbat magnitude erabiltzen dira:
Anplitudea perturbazioaren balio maximoa da hasierako posizioarekiko. Ondoz ondoko bi uhinen artean dagoen distantzia (perturbazio-egoera edo fase berean dauden bi punturen arteko distantzia) uhin-luzera da eta ondoz ondoko bi uhinen artean igarotzen den denbora-tarteari (puntu baten perturbazio-egoera bera errepikatzeko behar den denbora-tarteari) periodo (p) deritzo. Denbora-unitateko gertatzen den perturbazio- edo ziklo-kopurua uhinaren maiztasuna da. Hortaz, maiztasuna periodoaren alderantzizkoa da: v=1/p.
Uhin bat baino gehiago puntu berean gainjartzen direnean, interferentziak sortzen dira. Uhin erresultantearen forma maiztasunaren, anplitudearen eta hedatzen ari diren bi uhinen fasearen araberakoa da. Bi uhinak maiztasun berdinekoak badira eta fasean (denboran bata bestearekiko atzeratuta edo aurreratuta ez egotea da fasean egotea) badaude, uhin erresultantearen anplitudea bi uhinen anplitudearen batura izango da. Fasean ez badaude, uhin erresultantearen anplitudea fase-diferentziaren araberakoa izango da, eta uhin osagarrien anplitudea baino txikiagoa edo handiagoa izan daiteke. Bi uhinen maiztasunak berdinak ez direnean, uhin erresultantearen anplitudea aldatu egingo da denboran zehar.
Hedatzen ari den ingurunearen mugara iristen denean, uhina isladatu eta atzerantz itzultzen da (oihartzunaren fenomenoa, adibidez). Puntu bakoitzean uhin erasotzailea eta uhin isladatua gainjarri egiten badira, bi muturrak finko dituen sokan adibidez, bi uhinek uhin-luzera eta anplitudea berdinak dituztenez eta kontrako norantzan hedatzen direnez, uhin erresultatea uhin geldikorra izango da: puntu guztiek fasean oszilatzen dute, baina batzuek anplitude maximoa dute beti eta beste batzuek, nodo izenekoek, zero. Hori gertatzen da musikako harizko instrumentuetan eta tutu akustikoetan (organoetan, adibidez).
Atzera