diamante

iz. 1. MINER. Sistema kubikoan kristalizatutako karbono purua, guztiz gogorra, distiratsua eta normalean gardena. 2. Mineral horrekin egindako bitxia. 3. Karta frantsesetako lau koloreetako bat, erronbo gorri bat ezaugarri duena; kolore horretako karta bakoitza. 4. KIR. Beisbolean baseak lotzen dituen erronboa. 5. TEKNOL. Kristala eta beira mozteko erabiltzen den tresna, garai batean muturra diamante mineralezkoa zuena.
Diamantea 3,5 dentsitateko karbono purua da; sistema kubikoan kristalizatzen du, normalean oktaedrotan eta inoiz tetraedrotan ere bai. Naturako mineral gogorrena da (10eko maila Mohs-en gogortasun-eskalan), eta oso erresistentea agente kimikoekiko. Aurpegi kurbatuak ere agertu ohi ditu. Normalean gardena da eta kolorgea, baina diamante horixtak eta ilunak ere badaude. Diamantearen distira ez da berezkoa; bere aurpegiek duten errefraktatzeko gaitasunaren eta tailaketaren ondoriozko ezaugarria baizik.
Naturan hiru barietate aurki daitezke: diamante kolorgea, harribitxietan ederrena dena; bort izenekoa, aurpegi kurbatuak dituena eta kalitatez apalagoa izanik beste diamante batzuk leuntzeko erabiltzen dena; eta karbonatua, beltza, eta aplikazio industrialetan (zulaketan) erabiltzen dena. 1950etik hona diamante sintetikoak ere egin dira, grafitoa 3.000 1/4C-tara berotu eta 105 atm-ko presiopean jarrita.
Diamante-hobirik garrantzitsuenak Afrikan daude, Zairen eta Hegoafrikar Errepublikan bereziki.




Atzera