karbono
iz. KIM. Zenbaki atomikoa 6 eta pisu atomikoa 12,011 duen elementu kimikoa (C). • karbono-14. Karbonoaren isotopo erradioaktiboa, animali zein landare-jatorriko laginen datazioetarako erabiltzen dena. || karbono(II) oxido. Gas kolorge eta usaingabea, 0,97 g/cm3-ko dentsitatea duena (CO). Konbustio ez-osoaren produktua da eta toxikoa. Erreduzitzaile gisa oso garrantzitsua da prozesu industrialetan. || karbono(IV) oxido. Karbonoaren erabateko oxidazioz sortutako gas kolorge eta usaingabea, 1,52 g/cm3-ko dentsitatea duena (CO2). Animalia eta landareen arnasketan, erregai organikoen errekuntzan, likidoen hartziduran, etab.etan sortzen da, eta berotegi-efektuaren eragile nagusia da. Solidotuta (-78,5 ºC), elur karbonikoa eratzen du.
Karbonoa taula periodikoko IVB taldeko ez-metala da eta gehienbat hiru isotoporen nahasteak eratua da: bi egonkorrak, karbono-12 (% 98,89) eta karbono-13 (% 1,11), eta erradioaktiboa bestea, karbono-14 (5.730 urteko erdidesintegrazio-periodoa duena), arkeologian eta dataziorako erabiltzen dena. Fusio-puntua 3.550 ºC eta irakite-puntua 4.827 ºC ditu.
Karbonoa oso garrantzitsua da materia bizi oro eratzen duten elementuetako bat baita, eta kimika organikoaren osagai nagusia. Historiaurrean jada ezagunak ziren egur-ikatza (sua egiteko) eta ikatzezko beltza (labar-pinturak egiteko). Alotropo moduan bi egoera kristalino desberdinetan aurkitzen da karbonoa (diamantea eta grafitoa), baina naturan aurkitzeko era arruntena, arroka karbonikotan (igeltsua eta kararria), karbono dioxido bezala atmosferan; hidrokarburo-moduan ikatzean, petrolioan, gas naturalean; eta substantzia organiko guztien osagai gisa.
¥ Karbonoaren zikloa. Landareak eta animaliak karbonoa osagai duten materiaz eginak daude, eta horrexegatik da ezinbesteko elementua bizitzan. Itsasoko uretan eta arnasten dugun airean, neurri txikitan bada ere, karbono(IV) oxidoa dago (CO2). Landareek karbono(IV) oxidoa hartzen dute hostoetatik eta ura sustraietatik, eta eguzki-energia baliatuz, gasa eta ura karbono organiko bihurtzen dute. Animaliek eta guk landareak jaten ditugulako gure gorputza neurri batean karbonoa da. Elikagaiak metabolizatzen ditugunean eta hondakinak eta hildakoak hartzitzen direnean, karbonoa CO2 bihurtzen da. Horrela, karbonoa atmosferatik landareetara eta animaliengana doa, atzera atmosferara itzultzeko.
Erregaiek ere karbonoaren zikloan parte hartzen dute. Erregaiak eta petrolioa duela milioika urte bizi izandako landare eta animali fosilizatuen hondakinetatik sortuak dira. Petrolioa edo bere deribaturen bat erretzen denean, osagai duten karbonoa CO2 bihurtzen da, eta atmosferara joaten da.
Atzera