sufre

iz. KIM. Zenbaki atomikoa 16 eta pisu atomikoa 32,064 duen elementu kimikoa (S).
Sufrea solido ez-metalikoa da, horixka, usainik gabea eta beroaren eta elektrizitatearen eroale txarra. Oxigenoaren sailekoa da eta ezaugarri kimikoei dagokienez, oxigenoarekin antz handia du. Forma alotropikoak ditu. Egoera solidoan, sufre erronbikoa edo alfa sufrea (96 ºC-tik behera egonkorrena) eta sufre monoklinikoa (tenperatura horretatik gora) bereizten dira, biak S8 egitura molekularrekoak. 113 ºC inguruan urtzen hasten da, likido horixka emanez, baina tenperatura igo ahala, dentsoago eta ilunago bihurtzen da (atomoek kateak osatzen dituzte). Sufre urtua azkar hoztuz, sufre amorfoa lortzen da. 444,6 ºC-tan irakiten du.
Sufrea oso zabalduta dago lurrazalean, gehienetan sulfuro edo sulfato eran. Bere konposatuen artean ezagunenak sufre(IV) oxidoa (SO2), azido sulfurikoa (H2SO4), azido sulfhidrikoa (H2S) eta kloruroa (S2CL2) dira; guztiek garrantzi ekonomiko handia dute. Koloratzaileak, bolbora, pospoloak, ongarriak, etab. fabrikatzeko eta kautxua bulkanizatzeko erabiltzen da.




Atzera