tragedia

iz. 1. Historiatik edo kondairatik ateratako gaia duen antzerki-generoa, giza irrikek sortutako arazoak dituzten pertsonaiak agertzen dituena eta zorigaiztoko amaiera duena; genero horretako antzerkia. 2. Ondorio latzak dituen zorigaiztoko gertakaria.
Tragedia Grezia zaharrean jaio zen, eta Dionisosen aintzan dauka oinarria. Adituek ezarri dute Tespis atenastarra (K.a. VII. m.) izan zela tragediaren sortzailea, korifeoa (antzinako antzerki klasikoetan koruaren gidaria) aktore batez ordezkatu zuenean, koro baten aurrean paper desberdinak joka zitzan. Geroago, Eskilo, Sofokles eta Euripides handiek eman zioten tragediari egitura arautua eta sakontasun historikoa. Genero honen gainbehera K.a. IV. m.an hasi zen, antzerki latindarrak grekoaren moldeak hautsi zituenean, Ovidio eta Senekaren lanekin bereziki. Errenazimenduak, ordea, indarrean jarri zuen tragedia ostera, grekoengandik eta erromatarrengandik jasota. Trisino italiarrak idatzi zuen 1515ean lehen tragedia modernoa eta Alfierik eman zion handitasuna. Frantzian, berriz, Corneille eta Racine izan ziren tragedia garatu zutenak. Shakespearek eta Calderón de la Barcak bestelako saioak egin zituzten, antzinako ereduei jaramon egin gabe tragedia dramara hurbilduz.




Atzera