antzerki

iz. (neol.) 1. Jendaurrean aktore bidez gertaera-segida bat irudikatzean datzan artea. 2. Horri dagokion literatur generoa; hizkuntza, herri edo idazle baten antzerki-lanen multzoa. • antzerki-lan. Antzerkiaren generoko literatur obra.
Adituen irakastez, lehen giza komunitateen adierazpen sozial-erlijiozkoa izan zen antzerkia, non ehizari edo nekazaritzari buruzko hasierako erritoak, musikarekin eta dantzarekin batera, ospakizun dramatiko bihurtu baitziren, erlijiozko gurtzaren zentzua zutenak. Egipton, Indian eta Grezian ere jainko ezberdinen (Osiris, Brahma, Dionisosen) ohoretan eskainitako ospakizunetan aurkitzen ditugu benetako antzerkiaren lehen adierazpenak. Gauza bera esan daiteke Amerikako maien antzinako antzerkiari buruz.
Zibilizazio guztietan aurki genezake antzerki-artea forma ezberdinetan; areago bakoitzean bere historia berezia du adierazpen artistiko horrek. Ekialdeko zibilizazioetako antzerkian kantak eta dantzak funtsezko lekua dute, Mendebaldeko tradizioan baino gehiago. Indiak bere antzerki nazional modernoa landu du, britainiar kolonizaziotik hartutako tradizioari bertako dantzak eta bestelako adierazpen estetikoak tartekatuz. Txinako antzinako antzerkiak operaren egitura zuen: elkarrizketa, testu-errezitaldia, kantua; Txinako antzerkia oso sinbolikoa da, Mendebaldeko antzerki errealistatik urruti. Japoniako antzerki-modu ezberdinen artean ezagunenak no eta kabuki dira.
Mendebaldeko antzerki formalaren historiak Grezia klasikoko obretan du bere jatorria; Eskilo, Sofokles, Euripides eta Aristofanes bezalako antzerkigileen drama, komedia nahiz tragedietan alegia. Erdi Aroan, Elizaren erlijio-irakaskuntzaren bidea eraginkorra izanik, Bibliako drama liturgikoak Europan barrena hedatu ziren. XVI. mendean Italian commedia dell'arte delakoarekin amodio-azpikerien antzerkia loratu zen eta Errenazimentuak antzerki nazionala (Shakespeare) eta Espainian erlijioari sustraitutako antzerkia (Lope de Vega, Calderón) ekarri zuen. XVII. mendean Frantzian ekitaldia, denbora eta lekuaren hiru unitateak zorrozki gorde zituen antzerki klasikoa (Corneille, Racine) hedatzen zen bitartean, Molièrek komedia indarberritu zuen. XVIII. mendean Alemanian estilo klasikoko tragedia berpiztu zen (Goethe, Schiller). XIX. mendean, erdiko klasearen eguneroko bizitzaren inguruan biltzen den drama burgesak hartu zuen indarra eta errealismoak joera errealista hori areagotu egin zuen, maiz gizarte-kritikara iristeraino (Ibsen, Strindberg). Ondoren, antzerkigile sinbolistek eta espresionistek itxura eta gai berriak ekarri zituzten eta B. Brecht-ek antzerki politikoa lantzen zuen bitartean, absurduaren antzerkia azaldu zen (Beckett). Mende honetan komedia arin eta traszendentzia gutxikoen gorakada eta esperimentu-izaerako abangoardiako obren sorkuntza dira joera nagusiak.
Euskal Herriari dagokionez, Iparraldean tradiziozko herri-antzerkiak gorde dira gaur arte, batez ere Zuberoan. Hauetakoak dira pastorala, kontakizun historiko edo epiko luzea, eta beste aldetik asto-lasterra eta maskarada, irri-antzerkiak.
Hegoaldean, berriz, antzerki idatziaren lehen agerpenak XVIII. mendekoak ditugu. Alde batetik Pedro Inazio Barrutia aramaioarrak, Arrasateko eskribau zela, herri berean antzezteko Gabonetako ikuskizunak idatzi zuen. Frantzisko Xabier Munibe, Peñafloridako kondea, berriz, opera elebidun baten egilea da; El borracho burlado, (1764) hitz lauzko zatiak erdaraz dituena eta kantuzkoak euskaraz.
Euskal antzerki modernoa, aldiz, Martzelino Soroa donostiarrarekin hasten dela esan liteke. Bigarren Karlistadan beste donostiar batzuekin Ziburun erbesteraturik zegoela Iriyarena (1876) komedia elebiduna idatzi zuen, eta, antzezpenaren arrakasta ikusita, Donostiara itzulita obra berriak idatzi eta taularatzeari ekin zion: Anton Kaiku, Au ostatuba!, Barrenen arra, Urrutiko intxaurrak, etab. Soroaren lanen jarraitzailetzat jo dezakegu Toribio Alzaga, Donostiako antzerki-mugimenduaren bizkarrezurra ia hirurogei urtetan. Antzerki ugari idazteaz gain, Donostiako Udalak sortutako Euskal Izkera ta Iztunde Ikastola katedrako irakaslea izan zen (1915); bertatik hainbat obra idatzi, zuzendu eta han-hemen eskaini zituen. Bereak dira, besteak beste, Santo Tomas«eko feriya, Bernaiño'ren larriyak, Ramuntcho, Burruntziya. Juan Abelino Barriolak sortarazi zuen, zinegotzi zela, Euskal Iztundea, eta berak ere idatzi zituen antzerki-lanak, non antzematen zaion garaiko obra erraz eta irrigarrietatik gora jotzeko nahia. Berak sortuak dira Lagun txar bat, Gai dagonaren indarra, Goi argi.
36ko gerrak hondatu zuen indartzen eta zabaltzen ari zen antzerki-mugimendua. Gerraurre eta gerraosteko zubi-lanak Antonio M. Labaienek egin zituen. Gerraurrean Antzerti aldizkaria sortu eta zuzendu zuen. Euskal antzerkia sustatze- eta berritze-lanetan nazioarteko zenbait obra euskaratu zituen eta bereak sortu ere bai: Jokua ez da errenta, Malentxo alargun, Galtzaundi eta beste. Antzerki-munduko berrikuntzak bertaratzen Jarrai taldea nabarmendu zen, atzerriko lanak moldatuz eta Gabriel Arestiren antzerki berritzaileak taularatuz. Gaur egun, Antzerti eskola berritik ateratako hainbat antzezle profesional ari dira, bai antzerkian bai zineman.
Iparraldean, aldiz, mende-hasierako egileen artean aipatu behar dira Jean Barbier, Leon Leon eta Jules Moulier (Oxobi). Guztien gainetik Piarres Lartzabal izan da euskal antzerkigilerik oparoena urte luzeetan zehar. Bere lan ugarietan badira irri-antzerkiak eta historikoak: Xirristi Mirristi, Etxahun, Bordaxuri, Mugari tiro, Orreaga, Senperen gertatua, Matalas. Telesforo Monzon eta Daniel Landart ere egile aipagarriak dira.




Atzera