Amarika, Fernando
Pintore arabarra (Gasteiz, 1866-1956). Zuzenbide-ikasketak egin zituen. Erromara joan zen Errenazimentuko pintoreak aztertzera (1895). Florentzia, Venezia, Milan eta Napolin zehar ibili zen erretratu eta argitasun handiko paisajeak pintatuz. Madrilera itzuli zenean Sorollaren ikasle izan zen. Bere kabuz ikasi eta trebatu bazen ere, Diaz Olano, Emilio Soubrier eta batez ere Joaquin Sorollaren eragina nabaria da haren obran. Gasteizko Arte eta Lanbide-eskolako irakaslea izan zen (1903-37). Pinturari buruzko zenbait saiakera (Cosas de Zuloaga), olerkiak (Con la cara colorada, 1953) eta De mi molino liburua idatzi zituen (1950). Parisko Aretoan, Marseillako erakusketan, Madrilgo Palacio de Bibliotecas y Museos eta Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan aurkeztu zituen bere obrak, arrakasta handia lortuz. Handik lau urtera, 1928an, bere obren bilduma aurkeztu zuen Bilboko Delcraux aretoan. Langile porrokatua zen; ikusmena galdurik ere buruz jarraitu zuen pintatzen. Hil ondoren, Gasteizko Udala egin zen haren obraren jabe; laurehun koadrotik gorako ondarea da (Alava; Desnudo; Autorretrato, 1887; Tarde de septiembre; Tres puentes; Atardecer a orillas del Zadorra). Haren izena daraman Gasteizko fundazioan berrehun bat koadro daude. Erakusketa antologikoak antolatu ziren Gasteizen, Bilbon, Donostian eta Madrilen (1986-89).
Atzera