saiakera

iz. LIT. Prosazko idazlana, egileak gai jakin bati buruzko hainbat gogoeta biltzen dituena.
Literatur genero hau XVI. m.ko amaiera aldera sortu zen M. de Montaigne idazle frantsesaren eskutik, eta essai hitza erabili zuen bere pentsamenduak eta hausnarketa filosofikoak biltzen zituen obrari izena emateko. Egile honen obra nagusia, Saiakerak (1588), hartu ohi da saiakerako lehen obra bezala. Generoa laster zabaldu zen beste hizkuntzetara. Ingelesez F. Bacon-ek izen bereko lana argitaratu zuen 1597an, baina Montaigneren estilo pertsonalari hurbildu zitzaiona A. Cowley izan zen, Neuri buruzko saiakera obrarekin. Ingelesezko saiakerak XVIII. m.an izan zuen bere betea, S. Johnson eta O. Goldsmith bezalako maisuekin. Baina idazle frantsesek berek garatu izan dute saiakera bikainen. Klasikoak bezala gelditu dira Sainte-Beuveren Asteleheneko berriketak eta T. Gautier eta A. Franceren hainbat lan. Euskal literaturan saiakera beranduko generoa da, XX. m.an sortu zela esan liteke, zenbait lan klasiko saiakera bezala har baldin baditzakegu ere. Hauen artean P. Axularren Gero kokatuko litzateke gailen, saiakerak berarekin dakarren hausnarketa pertsonaletik gutxi eduki arren. Txillardegi da saiakera landu duen lehen autore modernoa, Huntaz eta hartaz bildumarekin. Joxe Azurmendik ekarpen interesgarriak egin dizkio generoari, hala literaturan nola filosofian eta soziologian, estilo indartsu eta adierazkorrean (Kultura proletarioaz, 1973; Zer dugu Orixeren kontra?, 1976; Espainolak eta Euskaldunak, 1992). Joseba Sarrionandiak, berriz, saiakera-mota berri bat ekarri du, erreferentzia literarioz eta irudimenez beteriko hausnarketa labur eta sakonetan (Ni ez naiz hemengoa, 1985; Ez gara geure baitakoak, 1989).




Atzera