Amnistiaren Aldeko Batzordeak (AAB)
(Amnistiaren Aldeko Gestorak eta Gestorak izenez ere ezagunak). Euskal preso politikoentzat amnistia orokorra lortzeko helburuaz 1975ean Franco hil ondoren Hego Euskal Herrian sortutako elkarte asanblearioak. Lehenengoa Gipuzkoan eratu zen legalki (1976), joera politiko desberdineko, baina nagusiki abertzaleko, pertsonek osatua (Eduardo Txillida, Juan Maria Bandres, Migel Maria Castells, Joseba Elosegi, etab.). Berehala zabaldu zen gainerako herrialdeetara. Era askotako herri-mobilizazioak antolatu zituzten; arrakastatsuenak "amnistiaren aldeko asteak" izan ziren. Espainiako gobernuak amnistia mugatua eman zuen (1976). Adolfo Suárez gobernuko lehendakariak, Francoren ondorengo Espainiako lehen hauteskunde orokorrak baino lehentxeago (1977), euskal preso politikoak askatu edota atzerriratzeko agindua eman zuen eta hauteskundeen ondoren Diputatuen Kongresuak Amnisti Legea onartu zuen. Ondorioz, hainbat gestorakidek Gestoren eginkizuna betetzat jo eta utzi egin zuten. Bigarren aldi honetan Gestorak ideologikoki ezker abertzalearen eremuan kokatu ziren; KAS eta Herri Batasunaren inguruko erakunde bilakatu ziren. Geroztik, ETAko eta ETAren inguruko presoei eta hauen familiei laguntza eskaini (ekonomikoa, juridikoa, etab.), preso horien salaketa eta eskaerak plazaratu, polizi indarrek ETAren edo ETArekin ustez zerikusia duten pertsonen aurka burututako ekintzak salatu eta indarkeria politikoari lotutako euskal presoentzako amnistia errebindikatzen dute.
Atzera